1974ko abenduaren 18an hil zuen Guardia Zibilak Mikel Salegi Urbieta, 21 urte zituela, Donostiako Errekalde auzoan ezarritako kontrol batean. Hamazazpi aldiz egin zioten tiro. Itziar, Nekane eta Miren Salegi Urbietak, Mikel zenaren arrebek, salatu dute 42 urtean familia "laguntza instituzionalik gabe, borrokan" aritu dela justizia lortzeko: "Gu bakarrik egitera ohituta gaude, eta horrela jarraituko dugu. Gure babes bakarra gizarte zibila izan da beti. Eta hori izaten jarraitzen dugu".
Eskari zehatza egin diote Donostiako Udalari eta Donostia 2016 fundazioari: bake eta bizikidetza proiektu ororen datu baseetatik ateratzea: "Ez dugu berriro jaso nahi mindu eta umiliatuko gaituen inongo informaziorik. Egin ezazue zuen bakea, baina utz gaitzazue bakean! Gure hiriko udala gure anaiarekin eta gurekin justua izateko itxaropena galdu dugu. Dagoeneko ez dugu espero gu defendatzea".
Bi gaik bete dute senideen "pazientziaren ontzia". Batetik, Bakea gugandik eraikiz jardunaldien harira Donostiako Udalak izandako jarrera. Senideek antolatu zituzten jardunaldi horiek: "Azpeitiko Udalak besoak zabalik hartu gintuen, San Telmo museoak eta Donostiako Udalak proiektuan kolaboratzeari ezezkoa eman ondoren". Salatu zutenez, Eneko Goia Donostiako alkateak antolatzaileei leporatu zien jardunaldiak Donostian egin ez izana, argudiatuta ez zutela udalaren eta museoaren logoa onartzen. Hori gezurtatu dute Salegi Urbieta familiakoek.
Bestetik, azaldu dute Goiak Adiorik gabe izeneko emankizun batera gonbidatu dituela. "Zein biktimaz ari gara? Hamabi biktima omentzen dira. Horietatik bederatzi ETAren biktimak dira, bat Guardia Zibilarena, bat BVErena, bat GAErena. Indarkeriak eragindutako biktima guztien proportzionaltasun eta inklusibitatearen adibide ederra. Estatuko biolentziaren biktimak aurkitzeko zailtasunak izan al dituzte? Hau al da Donostiako Udalak sustatzen duen bakea?".
Udala, kritikekin desados
Donostiako Udala ez da bat etorri Salegi Urbieta sendiaren kritikekin, eta erantsi du "terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztien memoriaren, erreparazioaren eta justiziaren alde lanean" jarraituko dutela. Donostiako Udaleko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, San Telmo museoak bere eraikina eskani zien senideei jardunaldiak egiteko, "beste edozein talde edo elkarteri eskaintzen zaizkion baldintza berdinetan". Baldintza horiek ez zituen onartu familiak, udalaren arabera, eta instalazioak alokatzea proposatu zien orduan museoak.
Gainera, udalak azaldu du senideek elkarlana eskatu ziotela, "baina uko egin zioten udalak jardunaldien edukietan parte hartu ahal izateari". Edonola ere, udaleko iturriek esan dute ez dutela Mikel Salegi zenaren senideekin eztabaidatu nahi, "biktima guztien oinazea eta senideen erabakiak errespetatu" behar direlako.