"Gutxieneko baldintzarik" ez dagoela argudiatuta, PSE-EEk iragarri du ez dela izango ostiralean egitekoa den bake lantaldearen bileran. 17:00etan, PSE-EEk erabakia azaldu ondoren, EAJko Iñigo Iturrate legebiltzarkideak adierazi du ostiraleko bilerara joango direla, erakundeari dioten errespetuagatik, eta han esango diotela EH Bilduri bake lantaldea ez dagoela aurrera jarraitzeko moduan. EAJ eta EH Bildu soilik geratzen ziren lantaldean PSE-EEk gaur taldean izango ez dela jakinarazi ostean. Horrez gain, gaineratu du "txundituta" geratu direla sozialisten erabakiaren berri izan dutenean. "Ez dugu ulertzen zer aldatu den otsailetik hona iritzia horrela aldatzeko". Bere ustez EH Bildu koalizioaren jarrerak "ez du okerrera egin", baina nabarmendu du, bere ustez, "aurrera pausorik" ere ez duela eman.
Gaineratu du, lantaldea bertan behera geratu bada ere berriro ere martxan jartzen saiatuko dela, eta horretarako alderdi guztiekin biltzeko asmoa duela. Horrez gain, "beharrezkotzat" jo du EAJ, PSE-EE, PP eta EH Bilduk bat egitea "bake eta elkarbizitzaren esparruan aurrera pausoak eman ahal izateko".
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza lantaldeko kideei zuzendutako idatzi bat aurkeztu du PSE-EEk goizean Eusko Legebiltzarrean, Jose Antonio Pastor bozeramaileak sinatuta, eta bertan eman dute erabakiaren berri. Ekainean lantaldea behin behinean uztea erabaki zuen PSE-EEk. Pasa den irailaren 3an, berriz, Patxi Lopezek ohartarazi zuen ez zela bake lantaldera itzuliko EH Bilduk jarrera aldatu ezean, joan den legealdian adostutako "zoru etikoa" errespetatzen ez duela eta.
PSE-EEko kideek goizean adierazi dute "norabide egokian" pausorik ez emateaz gain, "inbulozio" bat sumatu dutela koalizio soberanistan. PSE-EEko kideek berri agentziei esan dietenez, prest daude "hainbeste urtetako indarkeriak utzitako ondorioak gainditzeko konpromisoak" hartzeko, baina ohartarazi dute ez dutela onartuko lantaldea "iraganeko estrategia politiko-militarra zuritzeko" eta "norberaren ardurak besteen gain jartzeko" erabiltzea. PSE-EEk arrazoitu du lantaldeak ez duela zentzurik EH Bilduk ez baditu "adostutako oinarri demokratikoak" onartzen.
Idatzian azaldu dutenez, hainbat helburu egozten dizkio PSE-EEk lantaldeari: bakea eta bizikidetza "balore etiko eta demokratikoen gainean" eraikitzea, eta "indarkeriari zilegitasuna kentzen" jarraitzea, besteak beste. Gainera, "lehentasunez", behin betiko eta baldintzarik gabe desegiteko exijitu behar lioke lantaldeak ETAri, PSE-EEren ustez.
EH Bildu aurrera jotzeko prest zegoen
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak lantaldearekin aurrera jarraitzeko apustua egiten dutela berretsi du gaur goizean, EAJren erabakia jakin aurretik, PSE-EE hura "lehertzen" saiatu arren. Arzuagak onartu du "aniztasuna" galduko duela lantaldeak, baina aldarrikatu du baduela nahikoa ordezkaritza, legebiltzarraren bi heren ordezkatzen dituztelako EAJk eta EH Bilduk.