Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak "ahaleginak" egiteko eskatu die ganberako alderdi politiko guztiei bake lantaldeak aurrera egin dezan. Tejeriaren hitzetan, baketzean "zailtasunak gainditzeko dena emateko garaia" da, eta ohartarazi du bidea erraza izango ez bada ere "akordio sendoak" beharrezkoak direla alor horretan.
Europa Press berri agentziak elkarrizketatu du Tejeria, eta, besteak beste, presoen eta bake lantaldearen gaiak izan ditu hizpide. Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak jakinarazi zuen EH Bilduk "zoru etikoa" onartzen ez badu, PSEk ez duela bake lantaldea datorren ostiralean egitekoa den bilkuran. Tejeriak aitortu du lantalde horrek, sortu zutenean, "zailtasunak" izan dituela, eta gaineratu orain beste zailtasun batzuk erantsi zaizkiola.
"Inork ez zuen esan ponentziaren lana erraza izango zenik", esan du. Hala ere, lantaldeak aurrera egitearen alde azaldu da: "Beti daude zailtasunak, eta, horiek gainditzeko, jakin behar dugu arduraz jokatzen". Halaber, talde parlamentario guztiek parte hartzearen garrantzia nabarmendu du.
Tejeriak uste du ezker abertzaleak "herri honi oraindik azalpen asko" eman behar dizkiola, baina zehaztu du "aurrerapauso gehiago" eman daitezkeela "lantalde batean egonda eta bertan EH Bilduri edo beste edozein talderi pentsatzen duguna esanda".
Espetxe politikaz, berriz, esan du "garai berrira egokitu eta malgutu" egin behar dela, "presoek ere giza eskubideak" dituztela oroitarazita.
"Oztoporik" ez jartzeko eskatu dio Urizarrek PSEri
EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek uste du "akatsa" izango litzatekeela bake lantaldea hilaren 13an egitekoa den bilera atzeratzea, eta lantaldearen jardunari "oztoporik" ez jartzeko eskatu dio PSEri. Halaber, EAJri ohartarazi dio bilkura atzeratzeak "abangunea" emango liokeela PSEri lantaldea uzteko.