Bake eta Bizikidetza Plana hizpide izan dute Radio Euskadin Joseba Egibar, Dani Maeztu, Txarli Prieto eta Borja Semper hurrenez hurren EAJ, EH Bildu, PSE eta PPko legebiltzarkideek.
Egibarrek azaldu duenez, EAJ aztertzen ari da bakeari eta bizikidetzari dagozkien gaien inguruko eztabaidarik ez egitea, lehenago gai horiek Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako Batzordean eztabaidatzen ez badira. Egibarren arabera, ulergarria da talde batzuk Bake eta Bizikidetza Planarekin "kezkatuta" eta "politikoki deseroso" egotea, giza eskubideen defentsan, espetxe politikan, torturen auzian eta hezkuntzan "zehaztasunak" biltzen dituelako planak.
Maeztuk kritikatu du "zoru etikoa "jaurtitzeko arma" gisa erabiltzea, eta uste du Bake eta Bizikidetza Planak "hobetzeko" arlo ugari dituela. "Ideiak berdintasunez garatu daitezen" eskatu du Maeztuk, eta gaineratu EH Bilduk planaren zirriborroari eginiko ekarpena "kritika eraikitzailetik" egin zizkiola.
Prieto, berriz, konforme azaldu da planak "zoru etikoa" jaso izanarekin, baina uste du "zehaztasun gutxi" daudela agirian: "Ez dago zehaztasunez beteta, izenburuz, ideiaz eta garatu beharreko kontzeptuz beteta baizik". Halaber, EH Bilduri eskatu dio "zorrotzago" joka dezan "balio demokratikoetan berresterakoan".
Semperren arabera, "gizartearen gehiengoak ez du bizikidetza arazorik", eta EH Bilduri eskatu dio "indarkeria baztertu eta bere erabilera gaitzesteko". Bake planaz, Semperrek esan du "ezaugarri horietako agiri batek analisi sosegatu bat" behar duela.