Zapaterok «oso-oso interesgarritzat» jo du Blairrek IRArekin izandako negoziazioetan duen esperientzia. Bi gobernuburuek uste dute Irlandako eta Euskal Herriko bake prozesuak «oso desberdinak» direla, baina, era berean, parekotasunak ere badituztela.
Antzekotasunen artean, bi herrietako prozesuak «gorabeheratsuak» izatea aipatu zuten Moncloako iturriek; ezberdintasunen artean, berriz, Blairrek «instituzioen aldetik babes handiagoa» izan zuela eta auzia ez zela politika alderdikoia egiteko baliatu nabarmendu zuten iturri berberek.
Etxekolanak eginda joango da Blair Espaniako hiriburura. Izan ere, Sarah Dickinson Erresuma Batuaren Madrilgo enbaxadako agregatu politikoa eta komunikazio arduraduna Bilbon izan zen iragan astean eta Euskal Herriko hainbat politikarirekin, enpresabururekin eta analistekin bildu zen. Bildutako informazioarekin egoeraren inguruko txostena prestatu du Blairrentzat.
Hirutan bildu dira Blair eta Zapatero, eta hiru aldietan Londresen. Nazioarteko hainbat batzarretan ere izan dute harreman ez ofizialik, baina aldebiko bilerarik ez zuten egin iazko azarotik. Lehen aldia da, beraz, Madrilen bilduko direna. Goizean iritsi eta Madrilgo La Quinta jauregira joatekoa da lehen ministroa. 17:30ean bilduko da Zapaterorekin. Bileraren ostean agerraldi bateratua egingo dute bi agintariek, eta afari ofiziala izango dute jarraian. Bihar, bi herrialdeetako enpresaburuekin bilera egingo dute bi gobernuburuek.
ELKARRIZKETA «IREKIA»
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria «baikor» agertu zen atzo Bilbon, enpresaburuen aurrean egindako hitzaldian. Ibarretxeren hitzetan, ETArekin elkarrizketa ofiziala «irekita dago». Handik ordu batzuetara, Lehendakaritzatik argitu zuten Zapatero ekainean ETArekin negoziatzen hasteko asmoei buruz mintzatu zela Ibarretxe, «eta ez beste ezeren inguruan».
Politika
Bake prozesua aztertuko dute gaur Zapaterok eta Blairrek
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak Ipar Irlandako bake prozesuan pilatutako esperientzia baliatu nahi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak. Madrilen bilduko dira gaur bi agintariak, eta Euskal Herriko bake prozesuaren bilakaera izango dute hizpide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu