Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak lanean jarraitzen du. Iruñean aurkeztu dituzte hurrengo bi saioak Bake Bidea elkarteko eta Lokarriko ordezkariek: Iruñekoa hilaren 20an eginen dute, 17:00etan; eta Bilbokoa, berriz, 21ean, 10:00etan. Herritarren parte hartzeaz ariko dira Iruñeko eztabaida saioan; preso eta iheslarien itzuleraz, berriz, Bilbokoan. "Nazioarteko eta tokiko adituak izanen dira bi saio horietan", azaldu du Lokarriko Ana Elvirak. Parte hartu nahi duten herritarrek izena eman dezakete jada, 902 42 10 10 telefonora deituz, edo bakeforosoziala.org webgunearen bidez.
"Gizarteak protagonista izan behar du", nabarmendu du Bake Bidea elkarteko Peio Dufauk. Horretarako, herritarren parte hartzea sustatzeko, haiei eman nahi die hitza Foro Sozialak. Iruñeko eta Bilboko saioetan landuko dituzten programak datorren asterako izanen dituzte prest, eta orduan emanen dute haien berri. "Gure erronka eta gure ardura da bake prozesuaren momentu hau baliatzea", erran dute Foro Sozialaren bultzatzaileek.