Harremanetarako Nazioarteko Taldeak gaur eguerdian jakinarazi duenez, astelehenean eta asteartean Euskal Herrira etorriko dira gatazkaren konponbide prozesuari dagozkion hainbat gai nola dauden bertatik bertara ezagutzera. Iragarri dutenez, "bake prozesua egonkortzeko estrategia bateratu bat bultzatzeko dauden oztopoak eta aukerak" aztertu nahi ditu HNTk.
Aurreratu dutenez, bertatik bertara ezagutu nahi ditu ETAk elkarrizketa bat hasteko agertu duen borondatearen aurrean agente politikoen iritzia eta balorazioa, Espainiako Gobernuak ETAko presoak "gizarteratzeko" duen plana, Auzitegi Konstituzionalak Sorturen inguruan har dezakeen erabakia eta adiskidetzea eta memoria bultzatzea asmo duten egitasmoak.
Eusko Jaurlaritzako iturriek Efe berri agentziari adierazi diote ez dutela HNTren "zerbitzuaren" beharrik.