Lokarri "harrituta eta arduratuta" azaldu da Bilbon emandako prentsaurrekoan, "alderdi politikoen arteko elkarrizketarako eta elkarlanerako gune bat bera ere ez dagoelako" ETAren indarkeriarik ez eta erakunde publikoetan talde guztien ordezkaritza den garaiotan.
Azken hilabeteak "oparoak" izan direla esan du, "aurrerapauso garrantzitsu eta eraikitzaileak eman baitira". Dena dela, herritar sareak adierazi du egoera berriak "nolabaiteko nahastea" ere eragin duela, eta hori argitzeko pausoak emateko eskatu du.
Urrats positiboen artean, eta azkenaldiko kasuak aipatuz, EPPK-ren abenduko agiria, ETAren armagabetze hasiera, Jaurlaritzaren Bake eta Bizkidetza Planaren aurkezpena eta ETAren mehatxupean ziren kideen bizimodua hobetu izana aipatu ditu.
Aro berriko helburua eta aurrerapausoak
Aro berriaren helburua "bake prozesua finkatzea eta errotzea" da, Lokarriren iritziz. Horretan lagun dezaketen lau aurrerapauso daudela uste du:
1. "ETAk desarme prozesua zentzuzko denbora tarte batean burutzea, atzerapenik eta luzapenik gabe, herritar guztien segurtasuna bermatzeko".
2. Espainiako Gobernuak euskal presoak gerturatzea. "Sakabanaketa erabaki politiko bat izan zen eta, berdin berdin, erabaki politiko bat nahikoa da salbuespen egoera hau amaitzeko".
3. Eusko Jaurlaritzak giza eskubiden urraketen biktima guztiak aitortzeko lana bururaino eramatea. Nafarroako Gobernuari ere bere erkidegorako bake eta bizikidetza plan bat onartzea eskatu dio Lokarrik.
4. Alderdi politikoek bakerako lantaldearen lanari berriro ekitea edo, bestela, elkarlanerako eta elkarrizketarako gune berri bat sortzea.