Kataluniako Parlamentuko Gai Instituzionaletako Batzordeak ICVk aurkeztutako ebazpen bat onartu du Euskal Herriko bake prozesuan NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako lanaren alde. CiUk eta ERCk babestu dute ICVren testua, eta abstenitu egin da PSC. Kontra agertu dira PP eta Ciutadans, eta ez da batzordean izan CUP.
Parlamentuak Madrili eskatu dio bake prozesua ez oztopatzeko, eta ustea azaldu du "soilik bide politikoek eta baketsuek ahalbidetzen dutela gatazkak konpontzea". Gaineratu duenez, "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea da, bozkalekuetan demokratikoki adierazita, euskal gizarteak zilegitzat jotzen dituen irtenbide politikoak artikulatuko dituena, euren etorkizuna nazio gisa definitzeko".
ICVko parlamentari Jaume Boschek defendatu du adierazpena. Azaldu du ETAren "lehen keinua" ez zela nahikoa izan, eta ezin dela "desarmatze hasieratzat ere jo". ETAren erabateko desarmatzea eta erakunde armatua desegitea galdegin du, eta alderdi guztien babesa jaso du puntu horrek. ERCko parlamentari Gemma Calvetek, berriz, "Espainiako Justiziaren erreakzio neurrigabea" kritikatu du, eta gatazka konpontzeko "borondate eta batasun politikoa" aldarrikatu.
NEBeko kideek otsailean jakinarazi zuten ETAk ekin ziola armategiak indargabetzeari, eta bideo bat erakutsi zuten froga gisa. Horren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten NEBeko kideek.