Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandezek aurkeztu ditu arlo horri dagokion soziometrotik eratorritako emaitzak. Bake prozesua geldirik dela uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %58k, eta oso antzekoa da Espainiako Gobernuaren jarrerarekin kritiko ageri direnak; okerrera egin du Madrili buruzko balorazioak, eta %57k uste dute gaizki edo oso gaizki jokatzen ari dela. 2006an Madril gaizki edo oso gaizki jokatzen ari zela uste zutenak %26 ziren. Herritarren %45en iritziz, Espainiako Gobernua gaizki ari da kudeatzen espetxe politika.
Inkestak 2014ko otsailaren 4a eta 12a bitartean egin zituzten, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak otsailaren 21ean ETAk arma kopuru bat indargabetu duela iragarri baino bi aste lehenago.
Biztanleriak hiru traba nagusi nabarmendu ditu bakea lortzeko bidean: Espainiako Gobernuak aurrerapausorik ez ematea presoen egoera hobetzeko (%44k); alderdi politikoak gai ez izatea adostasun nahikora iristeko (%41ek); eta, ETAk armak ez entregatzea eta erakundea ez desegitea (%39k).
Halaber, %51ek aipatu dute ETAk armak entregatzeak eta erakundea desegiteak ahalbidetuko lukeela aurrerapauso handiagoak ematea. %34k presoak Euskal Herrira gerturatzea nabarmendu dute urratsen artean; eta, %33k Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiak Bake eta Bizikidetzarako lantaldearen inguruan ados jartzea.
Fernandezek azaldu duenez, "adostasun etiko eta demokratikoei buruz gune zentral zabala" dago gizartean, eta gaineratu du "komunikabideen eta politikaren zalaparta" urrundu egiten dela zentraltasun horretatik. Bestalde, ondorioztatu du Jaurlaritzak prestatutako Bake eta Bizikidetza Plana "guztiz bat" datorrela "gizartearen zentraltasun etiko eta demokratikoarekin", datu batetik abiatuta; soziometroaren arabera, hamar herritarretik zortzi ados daude Jaurlaritzak planaren helburuak sustatzearekin.