Brian Currin eta Alberto Spektorowski NHT Nazioarteko Harreman Taldeko kideak Euskal Herrian izan dira asteon; Eusko Jaurlaritzarekin, EAJrekin eta Sorturekin egin dituzte bilerak Hegoaldean, eta giza eskubideen aldeko erakundeekin Iparraldean. Horiek Euskal Herrira heldu bezperan, David Pla, Iratxe Sorzabal, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Flores atxilotu zituzten Baigorrin (Nafarroa Beherea).
Ohar batean, NHTk azaldu du batzar "interesgarri eta eraikitzaileak" izan dituela euskal eragileekin, eta "adi" entzun dituela horien analisiak bake prozesuaren egungo egoeraz. Ondorio batera iritsi da: bake prozesua "une erabakigarrian" dago.
Egoeraren analisia eta diagnostikoa egin ondoren, NHTaren asmoa da txosten batean jasotzea baketzerako bidean proposamenak eta gomendioak biltzea. Datozen asteetan emango dute horren berri.