Euskal Herriko bake prozesuan "miopia politikoa" izatea leporatu dio Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen taldeko bozeramaileak Espainiako Gobernuari, Efe berri agentziak egindako elkarrizketa batean. Mintegiren iritziz, "arduragabekeriaz" jokatzen ari da Madril; hala ere, ETAk bere egitura militarrak desegingo dituelakoan da Mintegi.
"Ziur naiz ETAk urrats hori egingo duela, helburua ez baita inoiz erabiliko ez diren arma batzuk mantentzea", esan du. Egitura militarrak desegiteko pausoa "lehenbailehen" emateko nahia azaldu du Mintegik, "horrek esan nahiko duelako denak ari direla uratsak egiten".
Oroitarazi du duela ia bi urte eten zuela ETAk jardun armatua, eta salatu du PPk aurrerapausorik ez egiteaz gain, "atzera" egiten ari dela. Mintegik uste du Europan ez dutela ulertzen "gobernu batek entzungor egitea eta hitz egin nahi ez izatea".
"Lotsagabea da gizartearen nahiarekin horrela jolastea, gizarteak uste baitu bake bidean geundela". Hala ere, azaldu du "inoiz" ez dela ETA jardun armatura itzuliko, eta "lehenago" eroriko litzatekeela Espainiako Gobernua.