KONPONBIDEARI BEGIRA

Bake prozesuaren alde "rol aktiboa" izateko eskatu die Friendship taldeak EBko erakundeei

Hamar urte dira Europako Parlamentuak Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko adierazpena plazaratu zuela. Basque Friendship taldeak gogorarazi du erresoluzioa indarrean dela, eta Europako erakundeei eskatu die ebazpena inplementa dezatela.

Basque Friendship taldeko europarlamentariak, agerraldian. FRIENDSHIP
2016ko urriaren 19a
07:25
Entzun

Basque Friendship taldeak gogora ekarri du 2006ko urriaren 23an Europako Parlamentuak onartutako erresoluzioa. Hamargarren urteurrenaren harira eginiko agerraldian, Euskal Herriko baketzean "rol aktiboa" izan dezatela eskatu die diputatu taldeak Europako Batasuneko erakundeei.

Lidia Senra europarlamentariak gogorarazi du Europako Parlamentuak onartutako erresoluzio hura "talde politiko, europar diputatu eta bestelako aktoreen inplikazioari esker" onartu zela, Euskal Herrian bake iraunkorreko egoera bat izateko helburuarekin: "Gogora ekarri nahi dugu ebazpen hark Europako Parlamentuaren babesa duela oinarri”. Azpimarratu du “orduz geroztik ekimenak" jarri direla martxan euskal bake prozesua bultzatzeko asmoz, eta Aieteko konferentzia ekarri du gogora: ”Nazioartean zein Euskal Herrian bertan babesak gora egin badu ere, Aieteko bide orria gaur egun ez da bete”.

Martina Andersonek nabarmendu du gatazkaren konponbideak "pauso nabarmenak" eman dituela azken urteotan, "nahiz eta bidea oraindik luzea izan". Sinn Feinekoak Baionako deklarazioa eta Parisko konferentzia ekarri ditu gogora, besteak beste: “Eskerrak eman nahi dizkiegu prozesua modu publiko zein diskretuan laguntzen ari diren eragile eta norbanako guztiei, nazioarte mailan zein Euskal Herrian bertan”.

Mark Demesmaekerrek azpimarra berezia egin dio Espainiako Estatuak duen zereginari. “Urtebetean bi aldiz izan dira hauteskundeak bertan, eta egoera horrek zalantzaz beteriko egoera batera eraman du Espainiako Estatua. Alderdien arteko elkarrizketak martxan dira, eta oraindik ez dago argi gobernu berria osatuko den ala hauteskunde berriak izango diren. Azken bost urteotan deia egin diogu Espainiako Estatuko gobernuari Euskal Herriko gatazkaren konponbidean parte har zezan. Gure ustez, Rajoyren gobernuak inoizko aukerarik onena galtzen utzi du Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra lortzeko bidean. Hutsegite nabarmena irizten diogu, euskal gizartearen interesen aurkakoa, baina baita espainiar gizartearen eta Europako hiritarren aurkakoa ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.