Hiru egun igaro dira NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren desarmatzearen lehen urratsaren berri eman zuenetik, eta soka luzea sortu du albisteak. Azken katebegia da bake prozesuak nazioartetik jaso duen babesa.
Bill Clinton Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak Twitter sare sozialean idatzi zuen larunbat iluntzean Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko mezua, ETAren desarmatzearen ondotik. "Albiste onak Euskal Herritik atzo. Espero dut euren bake prozesuak aurrera egitea", idatzi zuen.
Good news from Basque country yesterday. Hope their peace process continues.
— Bill Clinton (@billclinton) February 22, 2014
Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak, berriz, atxikimendua adierazi dio Aieteko Adierazpenari. Lokarrik eman du atxikimenduaren berri. Iazko urrian, Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako hamabi presidente ohik bat egin zuten Aieteko Adierazpenarekin.
'Le Monde'-k, editorialera
Azalera eraman zuen Le Monde Frantziako kazetak atzo Euskal Herriko bake prozesua. Euskal Herria, baliatu beharreko aukera bat izenburupean, egunkariak bere editorialean nabarmendu du bake prozesuan eginiko urratsak "egiazkoak" direla, eta aukera baliatzera deitu ditu Frantziako eta Espainiako gobernuak.
Egiaztatzaileak ere aipatu ditu kazetak. Beste prozesu batzuetan eginiko lana nabarmendu du, eta erantsi erakundea "errespetatua" dela eta "funtsezko lana" egiten ari dela.
"Egun, ezohiko aukera dago bake iraunkor baterako Euskal Herrian, eta Parisek eta Madrilek baliatu egin behar dute". ETAren urratsari presoen sakabanaketa politika amaituz erantzuteko eskatu dio Le Monde-k Espainiako Gobernuari, neurri horrek senideei kalte egiten dielakoan eta "etengabeko tentsioak" sortzen dituelakoan.
'Irish Times'
Paddy Woodworthek egin du joan den ostiralean agertutako bideoari buruzko analisia. Egiaztatze Batzordeak ETAko bi kaputxadunekin ateratako bideoak erakusten du, haren ustez. —irrigarri deritzo erakutsitako arma kopuruari—, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko auzia ez dela amaitu, eta jarraian ETA sortuz geroztik gertatu denaz iritzia eman du, erakunde armatuaren ibilbideaz gain, Espainiak erabilitako indarkeria aipatuz.
Batasunak 2008an hasitako bideari heldu dio hurrena, esanez, ETA alde bakarreko su-etena emateko konbentzitu zuela, eta hala ere, Madrilek ezker abertzalea legez kanpo uzteko ahalegin asko egin dituela, "betoa ezarriz independentziaren aldeko hautu baketsuari".
ETAk su-eten iraunkorra emanda eta Bildu agertoki politikoan, ezker abertzaleak hautestontzietan igoera handia izan zuela ekarri du gogora, eta, Espainiako Gobernuak "akatsa" egin lezakeela esaten duenean ETAk desegin besterik ez duela egin behar. "Zoritxarrekoa da Espainiako Gobernuak oraindik ez duela onartu nahi Nazioarteko Egiaztatze Batzordea". (...). "Eta oso gogorra da ikustea ETAk armategia ezin duela baliogabetu Madrilek segurtasun bermerik ezarri gabe. Hori eginez gero, ETAk —eta bide horretan laguntzen duen edonork— 30 urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua dauka".