Lokarri herritar sareak uste du "ETAren indarkeriaren amaiera" eta Sortu ezker abertzaleko alderdiaren legeztatzea "bake prozesuarentzako aurrerapauso handiak" izan direla baina, hala ere, "blokeoa" dagoela oraindik. Horren aurrean, alderdi politikoei "desarmatze, desegite eta bergizarteratze agenda bati buruzko adostasuna" lortzeko eskatu die.
"ETAk desarmatze prozesu bat garatzeko kontaktuak exijitzen dituen bitartean, Espainiako Gobernuak haren aurretiazko desegitea eskatzen du espetxe politikan aldaketak egiteko". Hori da, Lokarri-ren arabera, "bake prozesuaren blokeoaren gako nagusietako bat".
Ondorioz, "alderdi politikoek daukate bakea errotzeko giltza", eta haiek ados jarri beharko lukete. "Oinarrizko adostasun bat lortzea beharrezkoa da. Alderdi politikoek [ETAren] desarmatze eta desegite prozesuari buruzko eta espetxe politikari buruzko akordio bat lortzen badute, gobernuek eta ETAk unilateralki ezarri beharreko neurri zehatzak barne, alde biek bake prozesuan eman beharreko pausoak bere gain hartzeko beharrezkoa den zilegitasuna sortuko da".
Urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren hasi beharko lukete alderdi guztiek hizketan, herritar sarearen iritziz.