Arratsaleko 18:30ean zen ordua. Ordea, askoz lehenago bete dira Elgoibarko plaza eta inguruko kaleak. Izan ere, sei urte eta erdiren ostean, ehunka herritar elkartu dira ezker abertzaleko kide historikoari ongietorria egiteko gogoz. Hala, ordua heldu denean, txalo eta "independentzia" oihu artean hartu dute Arnaldo Otegi bere jaioterrian.
Elgoibarko plaza @ArnaldoOtegi-ren zain. #otegifree#askatasunapic.twitter.com/bUBg7nkfF3
— Sortu (@sortuEH) 2016(e)ko martxoak 1
Senide eta lagunez inguraturik igo da Otegi oholtza gainera, eta Xabier eta Miren Amuriza aita-alabek bertsotan egin diote ongietorria. "Ongi etorri inoiz joan behar ez hitzana", hasi du bertsoa Xabier Amurizak, eta "jausi egunero jausi gaitezke, baina altxatu ere bai" jarraitu Miren Amurizak.
Euskal Herriarentzat "egun handia" dela gogorarazi du Ainhoa Lendinezek, Otegi ez ezik gaurtik libre baita Lorentxa Gimon ere, Angelun. Plazan bildutakoek txaloka eta "euskal presoak, etxera" oihuka eten dituzte Lendinezen hitzak. Eta hark ere haiek izan ditu gogoan, hau da, etxetik urrun dauden euskal preso guztiak. "Egoerak hala behartuta, gaur hemen ezin ditugu esan nahiko genituzkeen hitz guztiak; ez, behintzat, esan nahi genituzkeen moduan".
"Irabazteko garaia"
Urte hauetan guztietan bera aske uztearen alde lanean aritu diren guztiei eskerrak emateko baliatu du arratsaldeko ekitaldia Otegik, eta iragarri du aurrerantzean Free Otegikanpainak Free them all izan behar lukeela, eta horretan jarriko dituela indar guztiak. Otegik erakutsi du ez duela galdu berezkoa duen karisma, eta aldaera berria atera dio bere esaldiari: "Egin irri, borroka egingo dugu eta. Eta borroka egiten badugu, irabazi egingo dugu".
Espainiako Auzitegi Nagusiak zabaldutako oharra ere izan du gogoan Otegik agerraldian: "Esan didate, ez dakit egia izango ote den, Urkijo ere hemen dugula; beraz, argi ibili, segur aski zelatan egongo da eta".
Baina ironiak alde batera utzita, Otegik gogoan izan ditu Logroñon preso geratutakoak eta Rafa Diez (Dueson dago), baita gainontzeko preso guztiak ere: "Ezin daiteke esan egoera normalizatua dagoenik, 400 preso kartzelan daude-eta oraindik. Hala ere, ongietorria eman nahi diet Lorentxa Gimoni eta Urko Labakari; bi bahitu gutxiago haientzat, eta bi garaipen gehiago guretzat".
Bake prozesuaz ere aritu da Otegi, eta gogorarazi du ezker abertzaleak bakea ekarriko zuela hitzeman zuela, eta bete egin duela hitza: "Pozten naiz garai batean bizkartzainekin ibiltzen zirenek orain ez dutelako haien beharrik. Baina, gaur, Espainian eta Frantzian dauden euskal presoen guraso eta lagunak ditut bihotzean. Haiek merezi dute benetako omenaldia".