Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok bakearekin eta normalizazioarekin duen «konpromiso irmoa» berretsi zuen atzo, foru gobernu berria osatzen duten kideen aurkezpen ofizialean. Foru gobernu «euskalduna, ezkertiarra, subiranista eta abertzalea», ahaldun nagusiak deskribatu zuen moduan.
Protokolo ekitaldi xume eta laburra egin zuen Garitanok bere gobernukideak aurkezteko. Ahaldun nagusiarekin zortzi kidek osatuko dute, lau emakumezkok eta beste lau gizonezkok: Juan Carlos Alduntzin (Ingurumena eta Lurralde antolaketa), Larraitz Ugarte (Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak), Ander Rodriguez (Gizarte Politikak), Ikerne Badiola (Gazteria, Kultura eta Kirola), Helena Franco (Ogasuna) Jon Uriguen (Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoa) eta Garbiñe Errekondo (Foru Administrazioa eta Funtzio Publikoa). Atzo, baina, zazpi kide agertu ziren argazki ofiziala egiteko, Ikerne Badiola Madrilen baitzen, Bateragune auzian deklaratzen—gaur hartuko du diputatu kargua, foru gobernuak Azpeitian egingo duen bileran—. Garitanok adierazi zuen «euskal herritar guztiak adi jarraitzen ari diren epaiketa politiko hori» Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren isla dela, eta, ildo horretan, foru aldundiaren konpromisoa berretsi zuen bakearekiko eta normalizazioarekiko.
«Aldaketaren gobernua» izango da eurena, ahaldun nagusiak esan zuenez, eta ireki den «jokaleku berria» finkatzeko lanari ere ekingo diotela aurreratu zuen. Gaineratu zuen bere gobernuak alderdi politiko guztiekin eta udal handi nahiz txikiekin lan egiteko prestasun osoa duela, «gipuzkoar guztientzat eta gipuzkoar guztiekin» gobernatzeko; horretarako bultzatuko du herritarren parte hartze zuzena eta diru publikoen kudeaketaren gardentasuna; bereziki zainduko ditu gizarte zerbitzuak eta lehentasuna izango dute foru gobernuarentzat langabezian diren 46.000 gipuzkoarrek.
Euskara hutsean
Foru gobernu «erabat euskalduna» izango dela goraipatzeaz gain, Garitanok berak etsenplu eman zuen atzo, agerraldi osoa euskara hutsean egin baitzuen, eta ez baitzuen gaztelania erabili esandakoaren laburpena egiteko ere.
«Bakea eta normalizazioa helburu dituen gobernua» aurkeztu du Garitanok
«Euskalduna, ezkerrekoa, subiranista eta abertzalea» izango da Gipuzkoako Foru Aldundia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu