SU-ETENA

Bakea "Euskal Herriaren eskubideak aitortzearen ondorio" izango dela dio ETAk

Martxoaren 24an indarrean jarritako su-eten iraunkorraren inguruko azalpenak eman ditu ETAk 110. 'Zutabe' agerkariaren bidez; erakunde armatuak berak "zenbaki berezia" dela nabarmendu du alearen azalean. Besteak beste, bakea "Euskal Herriaren eskubideak aitortzearen ondorio" izango dela nabarmendu du ETAk, eta etorkizuneko jarrera "Espainiak eta Frantziak Euskal Herriko prozesuan izango duten jokabidearen araberakoa" izango dela iragarri du.

2006ko apirilaren 11
19:33
Entzun
Su-eten iraunkorrarekin Euskal Herrian "prozesu demokratikoa" abian jartzea bultzatu nahi izan duela dio ETAk, BERRIAra helarazi duen 101. Zutabe-n. Prozesu demokratiko horren norabidea zein den argitu du erakunde armatuak: "gaur egungo inposaturiko status politikotik autodeterminazioa eta lurraldetasunean oinarrituriko markora" igarotzea.

Ildo horretatik, "edukirik gabeko bakeak" ez duela prozesu horretan lekurik azpimarratu du ETAk; aitztiik, "bakea Euskal Herriaren eskubideak aitortzearen ondorio" izango dela dio, "justizian oinarrituriko bakea eraiki behar da".

Bake horretara iristeko baldintzak badaudela uste du ETAk, eta hartara iristeko konpromisoa hartzen du. Halaber, konpromisoa eskatzen die eragile guztiei, eta, batik bat, herritarrei. Dena den, etorkizunean emango duen "erantzuna Espainiak eta Frantziak izango duen jokabidearen araberakoa" izango dela agertu du.

Honi buruzko informazioa zabalago biharko BERRIAn.

Besteak beste, egungo egoera politikoari buruzko gogoeta, su-etenari eragileek eramandako erantzunaren azterketa, ETAren negoziazio fronteari buruzko azalpenak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.