Bake prozesuaren Behatoki Sozialaren hamargarren txostena aurkeztu du Lokarrik. Txosten horren arabera, galdetegia erantzun dutenen %94k uste dute bakea lortzeko aukera handiagoa dela egun. Horrela, Lokarriren ustez, «bakearen pertzepzioaren bilakera» ikusten laguntzen du azterketak; izan ere, 2009ko udan galdetegia erantzun zutenen %8k baitzuten uste hori.
Hortaz, «indartu egin da bake prozesu batetik hurbilago gauden pertzepzioa», Lokarriren iritziz, eta hori erakusten du bakeranzko egoeraren inguruko iritziak 7,09ko batez besteko nota jasotzeak.
Bakea lortzeko baldintzak
Lokarrik «bake prozesu atzeraezina» lortzeko baldintzatzat jotzen du ETAk indarkeria behin betiko uzten duela jakinaraztea, indarkeriaren mehatxua «oztopo» delako bakerako bidean. Hori bai: adierazi du «bere garrantzia» duela atzo ETAk ezagutzera emandako agiriak, ETAk «bakea eta askatasuna lortzeko aukera bat» dagoela uste duelako, eta horretarako «edozein mehatxu motak desagertu» behar duela ulertu behar duelako ETAk.
Sortu legeztatzearen inguruko epaia Auzitegi Konstituzionalak lehenbailehen ematea da baldintzetako beste bat, Lokarriren ustez, horrek «berdintasun giroan» ekiteko aukera emango liokeelako indar politiko guztien arteko elkarrizketari. Eta indarkeriaren amaieraren nazioarteko egiaztapenean laguntzeko, espetxe politika aldatzeko dagozkion neurriak hartzeko eskatu dio Lokarrik Espainiako Gobernuari, eta Sortu legeztatzeko oztoporik ez jartzeko.
Bakea orain dela urtebete baino gertuago dago, %94ren ustez
Batez beste 7,09ko nota jaso du bakeranzko egoeraren inguruko iritziak, Lokarriren azterketaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu