"Bakeak eta erabakitzeko eskubideak batzen gaituzte", dio Udalbiltza-Udalbidek

2011ko apirilaren 21a
15:06
Entzun

Udalbiltza-Udalbidek gaur aurtengo Aberri Egunera begira atera duen adierazpenean dio "bakea eta erabakitzeko eskubidea" direla euskal herritarrak "batzen" dituztenak, eta lorpen horien bila jotzeko eskatu du.

"Gaur ere bizirik dago bakea lortzeko itxaropena. Are gehiago esatera ausartzen gara: inoiz ez gara sentitu behin betirako baketik hain hurbil. Inoiz ezagutu gabeko ezaugarri berri bat erne da: Euskal Herrian ez dago jada politika bidetik eta indarkeria bidetik aldi berean ibil daitekeela onartzen duen indar politiko abertzalerik", dio Udalbiltza-Udalbideren agiriak.

Abertzaleen arteko elkarlana aldarrikatu du, autodeterminazio eskubidea lortzeko. Horrela, "ezker abertzaleak egin berri duen biraketa –bazen garaia!–" txalotu du. "Euskal Herriak bere historiatik, bere kultura eta nortasunetik, izaera propioa etorkizunera eramango badu bere herritarren borondatez, askatasunez, konbentzimenduz eta zilegitasun demokratikoz bakarrik egin ahal izango du. Ez dago beste biderik".

Espainiako Estatuaren "estrategia antidemokratiko, zapaltzaile, ukatzaile eta debekatzailea" dela salatu du Udalbiltza-Udalbidek, baita ETA ere. "ETAk eman dio Estatuari urte hauetan guztietan abertzaletasunaren zilegitasuna bahitzeko arma dialektikoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.