ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik, Espainiako Gobernua ez dabil jokatzen «egoerak eskatzen duen mailan». «Arduragabekeriaz» ari da, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren ustez. Zabaletak salatu duenez, Mariano Raxoiren gobernuak muzin egin dio ETAren su-etena egiaztatzeari, eta, «ausardia falta» hori ezkutatzeko, ETAri desegiteko eskatzen ari zaio «behin eta berriz». Aralarreko buruak «kezka sakona» azaldu du indar politiko eta instituzio batzuek ez dutelako «egiazko konpromisorik» agertu bake prozesuarekin, ez dutelako nahi arriskurik hartu, ez dutelako ekarpenik egin eta, gainera, «trabak eta oztopoak» jarri dituztelako.
Forum Europa-Tribuna Euskadi foroan parte hartu du Zabaletak, eta bertan Bakearen argazkia eta euskal nazioa krisiaren aurrean izenburuko hitzaldia eskaini du. Aralarreko buruaren iritziz, bakea lortzeko «egiazko aukera» da oraingoa, eta ezinbestekoa da alde denek arriskatzea «bake prozesua sendotu eta bururaino eramateko». «Prozesu honen oinarriak eta garapena atzeraezinak dira, baina jakitun gara gogor egin beharko dugula lan hori horrela izan dadin».
Bakearen argazkia marrazteko oinarri ideologikoak aldarrikatu ditu Zabaletak: hau da, alde bakartasuna, egiaztagarritasuna eta elkarrizketa eta aniztasuna bermatuko dituen errespetu demokratikoa. Eta oinarri horiek ardatz hartuta mintzatu zaie hitzaldian bildutakoei. Zabaletak uste du garai berriak denen pausoak eskatzen dituela, baina Espainiako Gobernua eta PP ez ditu ikusten horiek emateko prest. ETAk jardun armatua eten duela egiaztatzea, espetxe politika «gizatiarragoa» egitea eta elkarrizketa politikoa praktikatzea eskatu dio Aralarrekoak Raxoiren gobernuari.
Alde bakartasuna
ETAk arrazoi politikoak bultzatuta hasi zuen bere jarduna, eta arrazoi politikoengatik eman dio amaiera borroka armatuari, Zabaletak azaldu duenez. Hortaz, ETAk arrazoi berberak erabiliko ditu desegiteko, haren iritziz.Hori horrela, presoen auzia ez da «ETAren arazo bat», Zabaletak dioenez, eta ziurtatu du presoei izaera politikoa aitortuz etorriko dela konponbidea. Haren ustez, gatazka armatua amaitzearekin batera amnistia etorri beharko litzateke: «Horixe litzateke presoei izaera politikoa ematearen ondorio koherenteena».
Alde bakartasuna eta bazterketarik gabe jarduteko printzipioak Gernikako Akordioaren iparrorratzak direla azaldu du Zabaletak. Biktimak, elkarrizketa, presoak eta politika bazterketarik gabe jorratzearen alde egin du. Hala, biolentzia ororen biktimak kontuan hartzeko exijitu du, eta elkarrizketa plurala sustatzeko, preso politikoekin salbuespenik ez egiteko, eta alderdiekin salbuespen legerik ez erabiltzeko. Euskal gizartearen behin betiko adiskidetzea ere printzipio horien gainean eraiki beharko dela azpimarratu du.
Bakearekin euskal nazioarentzat «garai berria» hasi dela uste du Aralarrekoak. Aurtengo Aberri Eguna eredugarritzat jo du, bost alderdi ezkertiar eta aurrerakoien arteko elkarlanaren erakusgarri izan delako, eta oinarri ideologikoen gaineko akordioa posible dela islatu duelako.
Bakean «arduragabekeriaz» aritzea egotzi dio Zabaletak PPren gobernuari
Aralarreko buruak dio bakea lortzeko «egiazko aukera» dagoela eta ezinbestekoa dela alde denek arriskatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu