Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek normalizazio prozesua bultzatzeko erabili nahi ditu Bakearen Etxearen instalazioak, joan den irailaren 2an inauguratutakoak eta Bilduko alkatearen ustez gutxi erabiltzen direnak.
Koalizioak behin baino gehiagotan azpimarratu du agintzen duen lekuetan lehentasunetako bat normalizazio politikoa bultzatzea dela. Donostiako Udalak, berriz, normalizazio prozesu hori bultzatzeko lekua aukeratua du. Aieteko jauregiari aproposa irizten dio, aurreko alkate Odon Elorzak bultzatutako Bakearen Etxea azpiegitura egokiak izateaz gain sinbolikoki ere esanguratsua delako.
Izagirrek berak atzo azpimarratu zuen, El Diario Vasco egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: «[Bakearen Etxea] gutxi erabiltzen den azpiegitura bat da. Eduki gehiago eman behar zaio. Bakearen alde lanean dihardutenei ireki behar zaie, oraingo normalizazio politikoaren prozesuaren barruan. Aztertzen ari gara, eta laster ateak irekiko dizkiegu orain arte bertan ez zirenei».
HNTri ateak ireki
Donostiako alkateak ez du xehetasunik eman. Alkatetzako iturriek ere ez dute gehiago zehaztu nahi izan, gai horretan diskrezioz jokatu nahi dutela argudiatuta. Baina Bakearen Etxeko ateak irekita edukiko dituztenen artean, besteak beste, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak lirateke. Igandean Noticias taldeko egunkariek argitaratu bezala, Brian Currin abokatu hegoafrikarraren taldeari bere beharretarako eskaini nahi diote Aieteko jauregia.
Iñaki Anasagasti jeltzaleak eman zuen horren berri, abuztuaren 6an. Hain zuzen ere, Xabier Albistur Donostiako alkate ohiak idatzi zion gutun bat publikatu zuen Anasagastik bere blogean. Bezperan Albistur Izagirrerekin batzartu zen, Donostiako alkateak aste horretan Gipuzkoako hiriburuko alkate izan direnekin egin dituen bileren barruan. Albisturrek gutunean dioenez, HNTk berak eskatu dio Izagirreri taldeak euskal ordezkari politiko eta sozialekin dituen bilerak egiteko leku bat. Beraz, Bakearen Etxea normalizazioaz eta elkarbizitzaz eztabaidatzeko zentroa izateaz gain, HNTk ohiko bilerak egiteko lekua ere izan dadin nahi du Izagirrek.
Alkate ohien babes bila
Bakearen Etxea normalizazio prozesurako erabiltzeko ekimena Juan Karlos Izagirrek hartu duen arren, ez du bere edo Bilduren ekimen soil gisa aurkeztu nahi. Aitzitik, abuztuko lehen astean Donostiako hiru alkate ohiei aurkeztu zien egitasmoa, haien babesa lortzeko asmoz. Albisturren hitzetan, alkate ohiek ere proiektua bultza dezaten nahi du Izagirrek.
Odon Elorzarekin egin zuen lehen bilera, abuztuaren 3an. Ramon Labaienekin bildu zen biharamunean, eta Albisturrekin abuztuaren 5ean.
Albisturren arabera, Labaienek baiezkoa eman zion Izagirreri, eta Odon Elorzak ere bai, baina alkate ohi sozialistak ez du bere sinadurarik jarri nahi, ezta argazkietan beste alkate ohien alboan agertu nahi ere. Albisturrek berak ere egitasmoa babestu du, baina alderdikeriaz eta bazterkeriaz ez erabiltzeko exijitu du.
Bakearen Etxea normalizazioa bultzatzeko erabili nahi du Izagirrek
Besteak beste, Harremanetarako Nazioarteko Taldeari ireki nahi dizkio Aieteko ateak Donostiako alkateakDonostiako alkate ohiekin harremanetan izan da Izagirre, haien babesa jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu