Iratzarri Aralarren gazte erakundeak bakegintzari buruzko foro bat egitea proposatuko die beste gazte eragile politikoei. Iratzarriko kideek azaldu dutenez, haien asmoa da eragileekin banan-banan biltzea eta, «gutxiengoak adostu ondoren», eztabaida foro bat antolatzea.
Donostian eginiko agerraldi batean, bakegintzari buruz Iratzarrik egiten duen proposamena azaldu dute Fabio Gonzalez, Andoni Estefania eta Laida Elizegi erakundeko kideek. Besteak beste ETAri exijitu diote «su-eten behin betikoa, aldebakarrekoa eta berehalakoa» emateko. Era berean, bakeak ezin duela ordain politikorik izan adierazi dute. «Bakea eta independentzia lotzea gaitzesten dugu».
Iratzarriko kideen arabera, edozein helburu politiko lortzeko bide baketsu eta demokratikoak erabili behar dira soilik. Hala, helburu politikoak gauzagarri izan daitezkeen egoera bat beharrezkoa dela uste dute. «Gizarte Baketsu batek konponbide baketsuak behar ditu bere gatazka politikoetarako, eta autodeterminazioa horietako bat da. Hemendik urte batzuetara, eskubide hori praktikan jarri ahal izango denean, Iratzarri independentzia defenditzen dutenen artean izango da».
Bakegintzan gazteek egin dezaketen ekarpena nabarmendu dute, halaber. Euskal Herriko gazteak askotarikoak direla diote eta aniztasun hori «maila politikora» eraman behar dela uste dute. «Beste belaunaldiek lortu ez dutena guk geuk lortu behar dugu».
Bakeari buruzko foroa egin nahi du Iratzarrik beste gazte eragileekin
Gazteek prozesuan parte hartu behar dutela diote, eta haien artean «gutxiengoak adostu» behar dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu