Bakeari eta bizikidetzari buruz gogoeta egiteko gune bat zabalduko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. BERRIAk jakin ahal izan duenez, Joxerramon Bengoetxea irakasleak hartuko du proiektua martxan jartzeko ardura; Errektoretzaren nahia da urte hasieran hastea zenbait ekimenekin. EHUgune izango du izena. Aro politiko berriari ekarpena egin nahi dio modu horretara unibertsitateak; nolanahi ere, Iñaki Goirizelaia errektoreak nabarmendu du eremu akademikotik aritzea dela gunearen xedea.
Proiektua taxutzen denbora darama EHUk, eta urratsa egitea erabaki du. Irailaren 7an, ikasturtearen hasierako ekitaldian, Goirizelaiak jakinarazi zuen aurtengo ikasturtean bertan jarriko zutela martxan EHUgune. Orduan ere esan zuen: «Bizikidetzari eta bakegintzari arreta berezia eskainiko zaie». Hitz horiek egin zituenean han zen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Hara zer erantzun zuen: «Jasan dugun indarkeria zikloa ixteko, Euskadik unibertsitatea behar du erreferente sozial gisa». Joko politikotik urrundu nahi izan du errektoreak: «Unibertsitateak ez du iritzi bakar eta finkorik eduki behar». Hausnarketarako bidea jartzea izango da gunearen «ekarpena».
Gobernu Kontseiluaren ohiko bilera zuen atzo EHUk, eta ekimena abian jartzeko hartu dituen erabakien berri eman zuen Goirizelaiak. Joxerramon Bengoetxea Zuzenbide irakaslearen gain jarri du EHUguneren lehen pausoak bideratzeko ardura. Gipuzkoako campusean, Donostian, izango du egoitza nagusia, baina jarduna unibertsitate osoan izango du.
Lan akademikoa eta politikoa
Alor akademikoa eta alor politikoa ondo ezagutzen ditu Joxerramon Bengoetxeak (Irun, Gipuzkoa, 1963). Doktorea da EHUn, eta irakaslea Zuzenbidearen Filosofian. Europako auziak ikertzen nabarmendu da azken urteetan, eta haiek Euskal Herrira hurbiltzen. Lan horregatik jaso zuen iaz Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria.
Alor politikoan ere jarduna da. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuorde izan zen 1998 eta 2001 artean, Sabin Intxaurraga eta Joseba Azkarraga sailburu ziren garaian —Eusko Alkartasuneko kideak ziren—. EAko zuzendaritzan izan zen Bengoetxea, Unai Ziarreta idazkari nagusi zen garaian; sektore kritikoko kidetzat jotzen zuten. Geroztik, parte hartu izan du Hamaikabat alderdi zenaren ekitaldiren batean.
Sailburuorde izandako hiru urteak etena izan ziren Europako egonaldian. Europako Justizia Auzitegiko abokatu izan zen Jaurlaritzan sartu aurretik, eta hara itzuli zen kargua utzi eta gero. 2004ra arte egon zen han.
Ez da «leziorik» izango
Gizartearen zerbitzura jarduteko proiektua izango dela EHUgune. Hala esan zien errektoreak atzo Gobernuko Kontseiluko kideei: «Une kritikoetan ideiak eta lanabes berriak eskaintzen jakin behar dugu». Gaiak zehazteko unea dute orain. Bakegintzarekin eta bizikidetzarekin batera, beste hiru aipatu ditu Goirizelaiak: demografia, krisia eta eredu ekonomikoa, eta Euskal Herria Europan.
Adituek eta herritarrek eurek parte hartzea nahi dute, ez «lezioak» emateko gune izatea. Bengoetxearen ardura izango da alor bakoitzerako taldea osatzeko pertsona egokiak hautatzea; haiekin adostuko dituzte aztergaiak. Eragilerik kanpoan ez uzten saiatzeko hitza eman du EHUk, ahalik eta aniztasun handiena lortzekoa. Iritziak eta eztabaidak gizarteratzean egin asmo dute indarra.
Bakeaz eta bizikidetzaz alor akademikotik gogoetatzeko gune bat sortuko du EHUk
Joxerramon Bengoetxea irakaslea izango du buru proiektuak; urtarrilean lehen ekimenak egiten hasi nahi du errektoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu