"Giza duintasunaz eta bake kultura baten beharraz" gogoeta egiteko antolatu ditu topaketak Nafarroako Gobernuak, lehen aldiz. Lau saio prestatu dituzte, eta artea izango da horien arteko lotura. Apirilaren 7an, Gervasio Sanchez argazkilaria ariko da hizketan, eta apirilaren 13an, Bernardo Atxaga idazlea.
Hilaren 16an, Proyecto 43-2 taldeak berradiskidetzeari buruz gogoeta egiten duen arte proposamen bat egingo du, eta hilaren 20rako Eta hik zer? izenburu duen antzerki bat prestatuko du Baketik fundazioak, elkarbizitzaren eta adiskidetzearen alorrean herritarren parte-hartzea sustatzeko. Ekitaldi guztiak 19:30ean izango dira, "gaztelaniaz eta euskararen presentziarekin", gobernuaren arabera. Doakoa izango da sarrera, aretoa bete arte.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak eta Alvaro Baraibar Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendariak aurkeztu dute egitaraua.