Patxi Lopez lehendakariak bakegintzarako urratsak Eusko Legebiltzarrean proposatzeko asmoa badu ezker abertzaleak ere legebiltzarrean egon beharko duela argudiatuta, hauteskundeak aurreratzeko esan dio Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak lehendakariari.
ETAren amaierari buruz Espainiako Kongresuan egindako akordioaren antzekoa sustatzeko asmoa plazaratu zuen lehendakariak ostiralean, eta horri erantzunez esan ditu horiek Urkulluk, berri agentzia bati emandako elkarrizketa batean. EAJ horretarako prest dagoela adierazi du, baina horretarako, beste zerbait ere behar dela zehaztuta: «Espainiako Gorteetan Amaiurrek ordezkaritza du, eta, beraz, ezker abertzalea badago; baina Eusko Legebiltzarrean ez dago».
Gauzak horrela, proposamenak legebiltzarrean egin aurretik «denborak neurtzeko» eskatu dio lehendakariari. «Erraza du Jaurlaritzak: Legebiltzarra desegin, eta hauteskundeetara dei dezala. Ezker abertzalearen zerrendak aurkez daitezen ahalbidetu dezala, eta legebiltzarrak pentsamolde guztiak ordezkatu ditzala».
Lopezek kritikatu egin ditu Urkulluren hitzak: «Oso bitxia da; Euskadin adostasunak lortzeko proposamenak mahai gainean jartzen ditudanean, hauteskundeak eskatu besterik ez du egiten; adostasunak hemen lortzeari buruz hitz egiten dudanean, akordioak Madrilen soilik egin nahi ditu; eta, euskal herritarren artean elkar ulertzea proposatzen dudanean, atea ixten du etengabe».
Zertan ari den pentsa dezala eskatu dio, hargatik, EAJri. «Dena da balekoa Jaurlaritzari erasotzeko, baina ez da onargarria gu ahuldu nahian herria ahultzen aritzea». Egiten ari denari buruz «hausnartzeko» eskatu dio.
Lopezek berak, asmoei eutsiko diela adierazi du, PSE-EEk Bilbon egindako ezohiko biltzarrean. «Diputatuen kongresuan lortutako batasuna nola zabaltzen dugun aztertzeko, eta normalizazioan zein bakegintzan aurrera egiteko formulak eta guneak denon artean zehazteko eta erabakitzeko», proposamenak egin eta adostasunak lortuko dituela esan du. PSE-EEren gobernua «Euskadi lideratzen» ari dela, eta hala jarraituko duela.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeari buruz ez da mintzatu lehendakaria. Baina bozak prestatzen ari dela azaldu du. Atzoko biltzarretik hasita, PSE-EE hauteskundeetarako proposamenak egiteko oinarriak zehazten arituko dela adierazi du. Lehendakari izaten jarraitu nahi duela ere esan du. «Lidergo lanean» jarraitzeko, lehendakarigai aurkeztuko dela: «Herri hau orain arte bezala aldatzen jarraitzeko ez da nahikoa gobernuan legealdi batean egotea; gure aldaketak sakonagoak dira, eta denbora gehiago behar dute egonkortzeko».
Ezker Anitzaren abisua
Mikel Arana Ezker Anitzako koordinatzailea ere mintzatu da lehendakariaren asmoei buruz. Gaur egun, normalizaziorako pausoak legebiltzarrean egiteak ez duela zentzurik esan dio Lopezi: «Normalizazio politikorako proposamenek ez dute errealitate aztarnarik izango, ez badago ezker abertzalea». Beraz, lan hori legebiltzarretik kanpo edo ezker abertzalea egongo den bestelako batzordeetan egitea proposatu du Aranak.
Bakegintzan aurrera egiteko, bozetara dei dezala eskatu dio Urkulluk Lopezi
Urratsak legebiltzarrean proposatu nahi baditu bozak aurreratzeko esan dio, ezker abertzalea ere bertan egon dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu