Kazetak igandean argitaratuko du mahai ingurua, Bakearen aldeko mugimendu sozialak erreportaje luze baten barruan. Hona hemen, aurrerapen gisa, mahai inguruko esan batzuk:
Jesus Loza (Buesa fundazioko patronatuko kidea):
- "Demokrazia guztietan dago gatazka; sozialak eta abar. Baina gatazka dagoelako ezin da jendea hil".
- "Zuzenbide estatuaren ardatz nagusiak errespetatu behar ditugu denok: legalitate printzipioa, botere banaketa, zuzeneko hautaketa, eskubide zibil eta politikoak... Dena da inperfektua, eta lan egin behar dugu gauzak hobetzeko".
Teresa Toda (Nazio Eztabaidaguneko kide ohia):
- "Bakea lortzeko ezinbesteko osagai baten gabezia dugu: elkarrizketarena. Elkarrizketa prozesuak pazientzia, denbora eta konstantzia izatea eskatzen du, baina hemen ez dago halakorik".
- "Lehen esaten zen ETAren indarkeriarik ez balego presoak gerturako lituzketela, baina langa gero eta gorago jartzen ari dira".
Paul Rios (Lokarri herritar sareko koordinatzailea):
- "Bakea ez da indarkeria eza soilik. Ideien eta identitateen aniztasunarekiko bizikidetza bermatzea da bakea".
- "Sufritu duen pertsona horrekiko enpatia bilatu behar da, aitortu behar da sufritu egin duela... Egin dira saioak, eta badaude saioak. Baina arriskuak ere badira".
Fabian Laespada (Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohia):
- "BAK-en sorrera garaian, indarkeriei erabateko zilegitasuna ematen zitzaien. Zeharo baztertzen genuen".
- "Indarkeriak izugarrizko mina utzi du gizarte honetan. Iraganera begiratu behar da, irakurketa kritiko bat eginez; gertatu den guztia berridatzi eta hura kontatzeko gai izan behar dugu".
Mahai inguruaz gain igandean Harian atalean BERRIAk aterako dituen edukiak: Lokarriren ibilbidea, elkarrizketa Jonan Fernandezekin (Elkarri-ko koordinatzaile ohia eta Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia), justu duela hogei urteko I. Bake Konferentziari buruzko erreportajea eta alderdi politikoen ikuspuntuak —tartean, Pernando Barrena Sortuko eledunari elkarrizketa—.