«Zuzenbide Estatuaren funtzionamendua zuzena izan dadin», Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) tortura salaketa guztiak ikertzeko eskatu die botere eragileari eta judizialari. Mikel San Argimiro euskal presoaren kasuaren harira egin du eskaera hori erakundeak. Izan ere, Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Gobernua zigortu berri du haren tortura salaketa ez ikertzeagatik -23.000 euro ordaindu beharko dizkio presoari-. BAKen ustez, auzi horretan gobernuak izan duen jokaera «arduragabea» izan da, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak «lotsagarri» utzi du.
BAKen arabera, tortura salaketa horietako asko «ezker abertzalearen estrategiaren barnean» egon daitezke, baina, hala ere, «ikertu egin behar dira, delitua izan den ala ez argitzeko». Halaber, torturak saihesteko neurriak behingoz har daitezen eskatu du BAKek.
Oriol Junqueras ERCko eurodiputatuak ere Argimiroren afera izan du hizpide. Ohar batean adierazi duenez, Espainiako Estatuak «hobetu» egin beharko lituzke herritarren eskubideen aldeko mekanismoak.Hala, nazioarteko erakundeek gauza bera ohartarazi diotela gogorarazi du. Besteak beste, azpimarratu du NBEko Giza Eskubideen Batzordeak kargu hartu berri diola Espainiari «terrorismoaren» inguruan duen definizioa zabalegia delako.
BAKek tortura salaketak ikertzeko eskatu die gobernuari eta epaileei
Mikel San Argimiroren kasuan Espainiako Gobernuak jokaera «arduragabea» izan duela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu