Bakerako aukera ez galtzeko eskatu dio Bilduk Barcinari

Barcinak erantzun du Nafarroako Gobernuak soilik «ETA erabat desagertzearen alde» egiten duela apustu

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Legealdiko lehen osoko bilkuran, Bildu parlamentu taldeak Nafarroako Gobernuari eskatu dio argitu dezala zein den bere jarrera bakegintza eta normalizazio politikoaren inguruan. Maiorga Ramirez eledunak prozesu horretan parte hartzeko eta bakerako aukera alferrik ez galtzeko eskatu dio Yolanda Barcinari, Nafarroako lehendakariari. «Bide asko geratzen da egiteko, baina indarkeria mota orok bukatu behar du, eta biktima orori egindako kaltea ordaindu behar da, salbuespenik gabe». «Zu ere konponbidearen parte zara», adierazi du Ramirezek.

Eskaera horri bestelako erantzun bat eman dio Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinak. Haren ustez, Nafarroako Gobernuak ez du ezer eskertzeko ETAri: «Urtebete atentaturik egin gabe badago, hori segurtasun indarren esfortzuaren emaitza da soilik». Barcinaren arabera, ETA «ahul» badago ere, haren mehatxua bizirik dago. «Ez ETAk, ez ezker abertzaleak ez diete barkamenik eskatu biktimei», gaineratu du.

Barcinak nabarmendu du bere gobernuak «ETA desagertzearen alde» soilik egiten duela apustu. «ETAk imajinatu ezin daitekeen minaren arrastoa utzi du atzean. Eta, orain, zuzenbide estatuaren aurka talka egin eta hondoratzear dagoela, irauteko, norabidea aldatu nahi dutela? Ez diezaiotela inori iruzurrik egin. Ezin dute norabidea aldatu esaldi hutsalekin», esan du.

NaBaiko Patxi Zabaletak, berriz, adierazi du Nafarroako Gobernuak «gizarte nafarrak eskatzen diona» egin beharko lukeela. «Gizarteak dio bakea beharrezkoa dela, normalizazioa nahi izateaz gain, hori lortzeko presa duela». PPk, bestalde, esan du hemendik aurrera ez duela parte hartuko Bilduren ezein proposamenetan eta ekimen ororen aurka bozkatuko duela.

Gaitzespen eskaerak

Osoko bilkuran gatazkarekin lotura duten beste bi gai jorratu dituzte. Batetik, ETAren atentatuak gaitzesteko mozio bat bozkatu dute. UPNk, PSNk, PPk eta Ezkerrak alde egin dute, NaBai abstenitu egin da eta Bilduk ez du bozketan parte hartu. Aldiz, UPN eta PPN abstenitu egin dira 1936ko altxamendua eta frankismoa gaitzesteko eskatzeko mozioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.