Herrira mugimenduak esan du «euskal preso politikoen aurka bizi arteko zigorra ezartzeko doktrinari zigilu legala» eman diola Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrinaren ezarpena ontzat emateko hartu duen erabakiarekin. Neurriarekin Espainiako Gobernuak «bakerako aukerei zartakoa» eman diola uste du, gainera.
Presoen eskubideen aldeko mugimenduak gogoratu du azken asteotan Espainiako eta Frantziako gobernuen «immobilismoa» salatu duela; orain arte ez dutela «euskal presoen eskubideak errespetatzen hasteko inolako urratsik egin». Azken neurria are larriagoa dela deritzo; pauso bat eman duela Espainiako Gobernuak, baina okerreko bidean: «Bakea eta konponbidearen aurkako norabidean egindako urratsa dela salatu behar dugu».
Herrira-k salatu du Auzitegi Konstituzionalaren erabakia «euskal gizartea bakea eta konponbidea eraikitzeko jorratzen ari den bidearen aurkako zartakoa» izateaz gain «giza eskubideen aurkako erabaki antidemokratikoa» dela: «Preso politikoen oinarrizko eskubideak urratzen ditu, ezarritako kondena bete ostean haren luzapena baitakar, askatasun eskubidea urratuz».
197/2006 edo Parot doktrina deritzon irizpideak beste errealitate bat ere gordetzen duela ohartarazi du mugimenduak. Espetxe zigorraren luzamendua dakarren neurria dagoeneko hogei bat urte espetxean daramaten presoei ezartzen zaiela eta horrenbeste urte espetxean emateak ondorio fisiko eta psikiko atzeraezinak dakartzala.
Mobilizatzeko deia
Ohartarazi du bake egoera bat eraikitzeko «funtsezkoa» dela gatazkaren arrazoiak gainditzea ez ezik hark sortutako ondorioak konpontzea ere. Hortaz, «bizi arteko zigorra indargabetzeko eta inor gehiagori ez ezartzeko», mobilizatzeko eskatu du. Zehazki, gaur 17:30ean Iruñeko Golem zinematik abiatuta gaixo dauden presoen alde egingo den manifestaziora joateko deia egin du.
«Bakerako aukerei emandako zartakoa»
Gaur 17:30ean Iruñeko Golem zineman abiatuko den manifestaziora joateko deia egin du Herrira-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu