Polizia operazioa. Erreakzioak

Bakerako bidea egiten uzteko eskatu dute milaka lagunek Iruñean

Azken atxiloketak eta tratu txarrak salatu dituzte Gernikako Akordioaren sinatzaileek deitutako protestanNormalizazio politikoa lortzeko Espainiari jarrera aldatzeko eskatu diote

Gernikako Akordioa izenpetutako alderdietako eta eragileetako ordezkariek eraman zuten manifestazioko pankarta nagusia. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herrian normalizazio politikoa lortzeko Espainiako Gobernuari jarrera aldatzeko eskatu zioten milaka lagunek atzoIruñean. Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, azken atxiloketak, sarekadak eta tratu txarrak ere gogor gaitzetsi zituzten elkarretaratuek.

Manifestazioa 17:30ean atera zen, Golem zinemetatik. Bake bidean aterabide demokratikoak orain. Atxiloketa gehiagorik ez! leloa idatzia zuen pankarta bati eutsiz abiatu ziren oinez Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkariak. Atzetik hainbat eragile politiko. Ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Marian Beitialarrangoitia, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez, EAko Maiorga Ramirez eta Pello Urizar eta Alternatibako Oskar Matute, besteak beste.

Hotzari aurre eginez, termometroa zeropean baitzen Iruñean eta ipar haizea min zebilen, «atxilotuak askatu», «euskal presoak etxera» eta «diktaduran bezala torturatzen da hemen» oihukatu zituzten, besteak beste, manifestariek ibilbidean zehar. Askok eta askok Picasso margolariaren Gernika koadroaren kopia irudikatzen zuten pankartak erakutsi zituzten manifestazioaren leloarekin. Torturaren aurkako deiadarrak ere ez ziren falta izan Golem zinemetatik atera eta Gazteluko Plazaraino manifestariek egin zuten ibilbidean. Ibilbidea amaitzear zela, PSOEren aurkako protestak ere entzunziren, hark agintzen baitu Espainiako Gobernuan. Manifestariek, PSN-PSOEk Sarasate Pasealekuan duen egoitzaren aurretik pasatzean, alderdi horren aurkakooihuak egin zituzten. «PSOE, GAL, berdin da», esan zuten behin eta berriro.

Jarrera aldatzeko eskaera

Manifestazio amaieran, Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean, Oihan Agirrek Espainiako Gobernuari jarrera aldatzeko eskatu zion. Arrazoi ideologikoetan oinarritutako azken sarekada eta atxiloketek Euskal Herrian abian dagoen prozesua «trabatu eta galarazi» egiten dutela salatu zuen. ETAk su-etena eman duen honetan, Euskal Herrian normalizazio politikoa eta behin betiko bakea lortzeko neurriak hartzen hasteko exijitu zion Espainiako Gobernuari.

Azken torturatuei eta kartzelatuei elkartasuna adierazi zien Agirrek, eta Espainiari giza eskubide guztiak errespetatzeko etainkomunikazioa bukatzeko exijitu zion. «Bada garaia Espainiak ere giza eskubide guztiak errespetatzeko».

Eragile politikoetako ordezkariak ere mintzatu ziren, manifestazioa hasi aurretik. Guztiek ere azken atxilotuei eta kartzelatuei elkartasuna adierazi zieten eta aske uzteko eskatu.

Marian Beitialarrangoitiak adierazi zuen ezker abertzalea ez dela «milimetro bat» ere mugituko egin duen apustu politikotik, eta Espainiako Estatua, beraz, «oker» dabilela bestelakorik lortu nahi badu. «Estatuak zenbat eta indarkeria gehiago erabili, orduan eta prozesu gehiago. Biolentziarekin segitzen badu, Euskal Herria aurrez aurre izango du».Pello Urizarrek ere Espainiako Gobernuaren jarrera salatu zuen. «Espainiako Gobernua, normalizazio prozesuan lagundu beharrean, trabak jartzen ari da. Euskal gizarteak ez du oztoporik onartuko eta aurrera jarraituko du bere bidean».

Patxi Zabaletak ere Euskal Herriaren normalizazioaren alde egin zuen. «Herri honek behar duen bakea eta normalizazio politikoa aldarrikatzeko gaude hemen». Oskar Matutek, Alternatibaren izenean, bakerako bidean pausoak emateko apustua egin zuen: «Euskal Herriko bakearen bidean beste pauso bat da gaurkoa. Bakearen bideak konponbide demokratikora eramanen gaitu, eta horretan saiatuko gara behin eta berriro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.