Adierazpenak dioenez, "ezinbestekoa" da bakerako eskubideari dagozkion printzipio guztiak giza eskubideen artean sartzea —hezkuntza jasotzeko eta bakean bizitzeko eskubidea eta biktimen eskubideak, esaterako—. Horrela, udalak Europako Giza Eskubideen Batzordeari eskatu dio onartua izan dadila.
Bilduk aurkeztutako proposamenean agertzen denez, Donostiako Udalak adierazpenaren berri emango die nazioartean alor horretan lanean ari diren hainbat eragile eta erakunderi.
1996an Unescoko zuzendari nagusi zenak egindako adierazpenak ekarri dituzte gogora: "Bake iraunkorra oinarri eta baldintza ezinbestekoa da giza eskubide eta betebehar guztiak betetzeko. Ez isiltasunaren bakea, gizon eta emakume isilena, isilduena. Aitzitik, askatasunaren bakea eta, beraz, bidezko legeena, alaitasunarena, berdintasunarena, elkartasunarena, herritar guztiak nor izan, elkarrekin bizi eta partaide diren bakea".
Eskaera horrekin bat egin du Bakerako Giza Eskubidearen Nazioarteko Begiratokiak ere. Elkarte horrek lan hitzarmena dauka Donostiako Udalarekin eta Giza Eskubideen Sailarekin.