«Bakerako pauso erabakigarri eta atzeraezinak eman dira urteotan»

ETArekiko edozein elkarrizketarako ekimenek kontrol parlamentarioa izan behar duela dio EAJk

Pello Urzelai.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
EAJren txostenaren ardatzetako bat bakea da. EAJren ustez, azken lau urteotan, «pauso erabakigarriak eta —uste dugu— atzeraezinak eman dira». Dena den, EAJk kezka azaldu du bakearen inguruan egon daitekeen kalkulu elektoralistagatik. «Ez da posible denok irabaztea bakoitza tematzen bada 'irabazten'. ETAk bere erabakiak ezker abertzale legalizatuak lor dezakeen onuraren arabera dosifikatzea edo gobernuak zein oposizioak indarkeriaren amaiera errentagarri egitea ez da jarrera onargarria».

EAJren ustez, prozesuaren gakoa elkarrizketa eta indarkeriaren arteko bateraezintasuna da. Horregatik, armak behin betiko uzteak ezinbesteko abiapuntua izan behar du. Horrez gain, ETAk jarrera aldatu behar duela uste du EAJk. «ETAk erreferente politiko izateari utzi behar dio. Armak isiltzeaz gain, prozesuko erreferentziazko protagonista izateari utzi behar dio. Bakarrik akordio zibil batek sendotu dezake bake justu eta iraunkorra».

Aurrera begira, parlamentuen esku hartzea proposatu du EAJk. Txostenaren arabera, ETArekiko elkarrizketarako edozein ekimenek «kontrol eta onespen parlamentarioa» izan behar du. Ondorio bezala, EAJk dio ekimenak proposatuko dituela «agertoki honetan aurrera egiten den eta zalantzarik gabeko pausoak ematen diren heinean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.