Bakegintzan eta adiskidetzean aurrera egiteko, euskal gizartearen ekimena sustatuko du EAJk datozen urteotan, orain arte izandako «jarrera etiko» horrek bultzatu duelako, jeltzaleen ustez, ETAren jardun armatuaren amaiera. Konpromiso hori hartu zuen alderdiak atzo, Barakaldoko BECen (Bizkaia) egindako VI. Batzar Nagusiaren lehen saioan, etorkizuneko estrategia laburbiltzen duten txosten politikoetan. Garai berriak, nazio bizia batzarraren leloak adierazten duenez, betiko zutabe politikoekin jarraituko dute jeltzaleek, baina egungo egoerara moldatuta. Eta datozen garai berrietan, bi arreta gune nagusi ditu alderdiak: krisi ekonomikoa eta ETAren jardun armatuaren amaieraren osteko bakegintza eta bizikidetza. «Bakea lortuta dago, baina orain urrats bat gehiago egin behar da, euskal gizartean adiskidetzea erdiesteko», azaldu zuen Belen Greavesek atzo, Euzkadi Buru Batzarreko idazkari gisa eginiko azken agerraldian.
Datozen lau urteetan EAJk jarraituko duen estrategiaren oinarriak ezarri zituzten atzo onartutako bi dokumentutan: Euskadi, Nazioa Europan eta Etorkizuna Lantzen. «Herri gisa Euskadik dauzkan erronkei nola aurre egin» xedatu dute, eta elkar elikatzen duten hiru alor berezi dituzte: batetik, krisi ekonomikotik ateratzeko «eredu sozioekonomiko propioa» garatzen jarraitu nahi dute jeltzaleek; bestetik, erakundeetan «Euskadiren subiranotasuna eta autogobernua» handitu nahi dute; eta, azkenik, «euskal nazioaren eraikuntza» nabarmendu dute, hain justu, «abiada sozial eta ekonomiko berri baterako».
Planteamendu teoriko horietatik errealitatera jauzi egiterakoan, ordea, pisu berezia hartu du oraingoan ETAren jardun armatuaren amaierak. Izan ere, Batzar Nagusiari begirako barne eztabaida hasi zenean, ekainean, behin betiko etenaren iragarpena egiteko zuen ETAk; hartara, ildo horretan egin dira Euskadi, Nazioa Europan agiriko zuzenketa nabarmenenak.
Hain justu, adiskidetzea ETAren desagertzetik harago eraiki beharrean datza idatziaren berritasunetako bat, «ETA ez baita izan Euskadin indarkeriaz jardun den eragile bakarra». Hala, dokumentuaren arabera, «hurkoen sufrimenduaren aitortzan» eta «biktima guztien ordaintza moral eta materialean» oinarritu behar da bakearen eta adiskidetzearen eraikuntza, «eta ez proiektu politiko bat beste bati gailentzean». Hain zuzen, ETAren amaieraren historia «interes politikoan» edo «ahanztura eta desmemorian» oinarrituta kontatzea bakegintzan «zimendu okerrak» jartzea litzatekeela erantsi dute testuan.
Jeltzaleek diotenez, borroka armatuaren amaiera euskal gizartearen «jarrera etikoaren» ondorioz iritsi da, eta horrek gidatu behar du etorkizuna ere: «Garai berri honetarako euskarriak gizarte osoak partekatuko duen jarrera etikoa ekarri behar du».
Eskaerak ere egin ditu EAJk agirian. Ezker abertzaleaz adierazi du bide politikoetan soilik oinarritutako estrategia berria hartzera «behartuta» egon dela, «gizarteak terrorismoa irmo arbuiatu duelako». Abertzaleek egindako urratsak aitortu bai, baina gehiago ere eskatu dizkie, «bizikidetza demokratikorako baldintza etiko ezinbestekoetarantz aurrera egiteko». Ezker abertzalea legeztatze aldera, «Espainiako demokraziari» ere egin dio eskakizuna: «Jarrera, balio eta jokabide helduagoak hartu behar ditu, proiektu politiko guztiak errealitatean gauza daitezen».
Era berean, garai berri honetan estatus politiko berria lortzeko asmoa indartu da EAJn. Horretarako, «eskubide politikoak eguneratzea eta erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea» jarri dituzte helburu. Eusko Jaurlaritzaren gidaritza berreskuratzeaz ere mintzatu da Greaves: «Hauteskundeetan gehiengoa lortu ez zuen alderdi bat dago gobernuan egun; ez du inolako proposamenik egiten, baina guk bai, badauzkagu proiektuak».
Dena den, hilabete hauetan eztabaidatutako dokumentuek ez dute zehaztu jeltzaleek bidelagunik lehenetsiko duten. Greavesek ere ate guztiak utzi ditu zabalik: «Edozein indar politikorekin egingo ditugu aliantzak, behar den unean, euren helburuak gureekin bat baldin badatoz».
Krisiaren aurka
Egungo jardun politikotik ezin aldenduzko helburua da krisi ekonomikoari aurre egitea, eta horren inguruan landu dute Etorkizuna Lantzen idatzia. Enplegua sor dezaketen guneetan lehiakortasuna sustatzea da jeltzaleen politika ekonomikoko ardatzetako bat; «lehen mailako» hezkuntza sistema eta «kalitatezko» osasungintza lortzearekin batera, gizartearen parte hartzea bultzatzea ere aipatu dute.
EAJren VI. Batzar Nagusia
Baketzean gizarteak «jarrera etikoa partekatzea» sustatuko du EAJk
Batzarrean adostutako idatzien arabera, garai berri hau ezin da oinarritu «proiektu politiko bat beste bati gailentzean»Alderdi guztiekiko aliantzak lantzen jarraituko dutela azaldu du Belen Greavesek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu