BAKE ETA ELKARBIZITZA LANTALDEA

"Baldintzak" betetzen direnean itzuliko da PSE bake lantaldera

Joseba Egibarrek azaldu du PSEk eta PPk parte hartzen ez badute ere bake lantaldean EH Bildurekin aurrera egingo duela EAJk.

EAJ eta EH Bildukoak, bake lantaldean. JUANAN RUIZ, ARP
2014ko urtarrilaren 16a
17:24
Entzun

Radio Euskadin hitz egin du Joseba Egibar EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. "Zorionez, gauzak aldatzen ari dira", esan du, eta salatu politikan "antzeztu" egiten dela sarri: "Antzeztu ondoren, arrazoiak, aitzakiak eta eskakizunak behar izaten dira norberak urratsak egiteko".

"Hemen denoi falta zaigu perspektiba eta umiltasun apur bat, eta ikusi behar dugu bake lantaldearen lanak berehala abiatu behar direla berriro", esan du Egibarrek. "Beste talde parlamentario batzuk" lantaldera batzeko nahia adierazi du, eta horretarako "denbora" emango diela iragarri.

Nolanahi ere, ohartarazi du PSE-EE eta PP lantaldean ez parte hartzean "tematuz" gero daudenek —EAJ eta EH Bildu— aurrera egingo dutela. Egibarrek ez du eperik aipatu, baina "arrazoizko" denbora tarte bat emango die EAJk PPri eta PSE-EEri.

Jose Antonio pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak erantzun dio Egibarri. Esan du lantaldeak soilik EAJren eta EH Bilduren parte hartzearekin aurrera jarraitzea "akats handia" dela, eta azaldu dio "baldintzak" daudenean itzuliko dela PSE-EE lantalde horretara.

EH Bilduko legebiltzarkide Marian Beitialarrangoitia, berriz, ados agertu da EAJrekin, eta PSE-EE nahiz PPri "zentzuzko denbora tarte bat" ematearen alde agertu da, alderdiok "hausnartu" eta bake lantaldearekin bat egin dezaten. Hala ere, ohartarazi die parte hartzen ez badute lantaldeak aurrera egingo duela, EAJk eta EH Bilduk "gehiengoa" osatzen dutela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.