Bizkaiko metaleko langileek hiru urte daramatzate sektore mailako lan itun barik. Eta, alde horretatik, Euskadiko CCOOk patronalari eskatu dio «gogoeta egiteko eta aurrez inolako baldintzarik jarri gabe negoziatzeko». Alde biek akordioa egingo badute, ugazaben ordezkariek oraingo «jarrera itxia aldatu» behar dutela ohartarazi du sindikatuko Metaleko Federazioko idazkari Roberto Ortegak. «Atzerapausoak diren hainbat gai proposatu ditu Metaleko Enpresen Federazioak gaur arteko eztabaidetan». Itunari atzerako eragina kendu, soldatak igotzeko eskala bi sortu, eta langileak halabeharrez larunbatetan lan egiteko moduan egoten derrigortu nahi izatea leporatu dio, zehazki.
Ortegak azaldu du CCOOk ez dituela atzerapauso horiek onartuko, baina negoziatzen jarraitzeko prest dagoela. «Baldin eta patronalak onartzen badu behingoz ituna egiteko eta gatazka konpontzeko garaia dela». Gatazka konpontzeko ahalegin horretan ugazaben ordezkarien jarrera traba dela salatu du. «Ezin dezakete ahultasun sindikala baliatu mahaian kolpea jotzeko eta klausula atzerakoiak proposatzeko».
ELA-RI KRITIKA. Metaleko CCOOko idazkariak, bestela ere, ELAren jarrera kritikatu du: «Estrategia alderdikoia dauka». Eta LAB «estrategia horren arrastoan» dabil. Sindikatu horiek, aldiz, kritikatu egin dute CCOOren lana. Patronalarena ere bai. Lan itunari atzerako eragina kendu nahi izatea eta prekarietatea gutxitzeko neurriei ez ikusiarena egitea leporatu diote Metaleko Enpresen Federazioari, zuzen esanda.
Patronalak, aldiz, «erakargarri» deritzo sindikatuei aurkeztutako azken eskaintzari. «Zenbait berrikuntza eta hobekuntza zeuzkan, baina langileen ordezkariek ez dute akordio bat ixteko inolako borondaterik».
Baldintzak jarri gabe negoziatzeko eskatu die CCOOk metaleko ugazabei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu