POLITIKA

Baldintzapean aske utzi dituzte Frantziako Tourrean pintaketak egiteagatik epaitutako hiru lagunak

Haritza Galarraga, Emilie Martin eta Leire Larronde Pauen epaitu dituzte eta 300 euro ordaindu beharko dituzte pintaketetan berriz harrapatzen badituzte. 2007ko uztailaren 24 eta 25 arteko gauean Larraineko errepidean pintaketa ugari azaldu zirelako epaitu dituzte.

2010eko uztailaren 15a
15:51
Entzun
Hiru euskal herritar epaitu eta baldintzapean aske utzi dituzte gaur Pauen, Frantziako Tourrean berriro pintaketak egiten harrapatuz gero 300 euro ordaintzekotan. 2007ko uztailaren 24 eta 25 arteko gauean pintaketa asko azaldu ziren Larraineko errepidean, gehienak ere independentziaren eta euskal preso eskubideen aldekoak. Hiru urte geroago, Haritza Galarraga, Emilie Martin eta Leire Larronde epailearen aurrean azaldu dira gaur, 13:45ean. Askatasunak auzia salatzeko elkarretaratzea egin du auzitegiaren aurrean.

Gazteak pintaketak agertu eta astebetera atxilotu zituzten, eta Frantziako Poliziak miaketak burutu zituen euren etxeetan. Geroztik, ordea, ez dute kasik beste berririk izan. Normalki, hiru urteren ondoren horrelako ekintzengatik zabaltzen diren dosierrak bertan behera geratzen dira.

Orain aste batzuk, ordea, hiru gazteak Paueko Auzitegira deitu zituzten. Dagoeneko "terrorismoa goraipatu izana" leporatzen ez dieten arren, "ondare publikoan kalteak egitea" da egozten dietena.

Filipe Aramendi abokatuak hartu du hiru gazteak defendatzeko ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.