Ines del Rioren abokatuek Troitiñoren kasua ere aipatu zuten atzoko agerraldian, eta aske uzteko eskatu zutela azaldu zuten. Defentsak eskatu bezala lehenbailehen aske uzteko agindu du Cwmgiedd Auzitegi Nagusiko presidenteak, baina egunero aurkeztu beharko du Londresko komisarian, Long Lartineko espetxetik atera bezain pronto.
Epaileak astebeteko epea jarri dio Madrili estradizio eskaerarekin zer egingo duen komunikatzeko: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzo Parot Doktrina-ren inguruan hartutako erabakiak estradizio eskaerari nola eragingo dion azalzeko eskatu dio Londresek Madrili. Londresko Auzitegi Nagusiak otsailean onartu zuen estradizio eskaera, defentsaren argudio juridikoak baztertu ostean, baina Troitiñoren abokatuek agertua zuten Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa. Estrasburgoren erabakiaren zain zeuden estradizio erabakiarekin nola jokatu erabakitzeko.
Troitiño 24 urteko espetxe zigorra beteta atera zen kalera 2011n, baina gutxira atxilotzeko agindua eman zuten 197/2006 doktrina aplikatu ahal izateko, espetxetik ateratzeko data 2017ra arte atzeratzeko asmoarekin. 2012ko ekainaren 29an atxilotu zuten Londresen, Espainiak Parot doktrina oinarri hartuta hala egiteko eskatu ondoren. Estrasburgoren atzoko erabakiaren ondoren, aske geratu beharko luke gaur bertan.