Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera larria dela-eta presoaren abokatuak gaixoa aske uzteko egindako eskaerek jaso dute lehen erantzuna. Baietz esan du Espainiako Auzitegi Nazionalak: kartzelatik ateratzeko baimena duela, baldintzapean bada ere. Baina, erantzun hori eskaeretako bati dagokiona besterik ez da; espetxeratua duten bi auzietatik bati dagokiona. Beste auziari buruzko erantzunik ez du oraindik jaso, eta Iparragirrek preso jarraitzen du, Basurtuko Ospitalean, larri.
Epaitu gabeko auzi batean, badaezpadako neurri gisa preso zuten auzian, eman diote kaleratzeko aukera Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez eta Ramon Saez Valcarcel epaileek. Hamabost egunetik behin auzitegian sinatzea jarri diote baldintzatzat.
Hiru urteko espetxe zigorra betetzen ari da beste auzi batengatik. Irmoa da zigor hori, eta, beraz, epai horren ezarpena bertan behera utzi behar luke Auzitegi Nazionalak, Iparragirre kaleratzeko.
Hori gabe ere kaleratu ahalko lukete presoa. Espetxe zaintzarako arduradunek zigorra etxean betetzeko aukera eman ahalko liokete, osasun arrazoiak direla medio. Izan ere, GIBduna da Iparragirre, eta gaitza asko okertu zaio denbora gutxian. Itsu dago ia, indarge, ibili edo zutik egoteko gauza ez dela ia, defentsarik gabe. Infekzio txiki batek, gripe soil batek hiltzeko arriskuan jarriko lukeela ohartarazi zuten sendagileek. Asteartean, ospitalera eraman behar izan zuten, biriketako infekzioarekin.
Alfontso Zenon abokatuak BERRIAri azaldu dionez, auzitegiaren erabakiaren zain egon gabe, espetxeetako arduradunek hartu ahalko lukete, berehala, kaleratzeko erabakia. Basauriko espetxeak espetxealdi arindua proposatu beharko luke horretarako, eta Espetxeetako Zaintza Zuzendaritzak, proposamena berretsi.
Berri agentziek zabaldu dutenez, zigorra etxean bete dezala proposatuko du Basauriko kartzelak, kontrolerako eskumuturreko telematikoa ezarrita. Nolanahi ere, auzitegiak eta espetxeetako arduradunek erabakia atzo hartu ez zutenez, datorren astera arte, gutxienez, ez da berririk espero.
Gernikako Akordioa, kanpoan
Gero eta gehiago dira Iparragirre kaleratzeko premiaz ohartarazten ari direnak. Atzo, Gernikako Akordioaren sinatzaileek egin zuten eskaera. Ordezkaritza bat Basurtuko Ospitalera joan zen gaixoaren egoeraren berri zuzenean izan nahian, baina presoa zaintzen ari ziren ertzainek ez zieten gaixoarekin egoten utzi. Leihotik ikusi ahal izan zuten presoa, eta oso ahul ikusi zuten. Salatu zutenez, oinutsik zuten gaixoa, ospitaleko jantziarekin. Izan ere, senideek pijama eta arropa eraman zizkioten arren, ertzainek ez zieten utzi presoari ematen.
«Espainiako Gobernua euskal preso politikoen giza eskubideen aurka ezartzen ari den politika» gogor salatu, giza eskubideak errespetatu ditzatela eskatu, eta Iparragirre zein gaixotasun larriak dituzten gainerako presoak berehala askatzeko exijitu zuten Akordioaren sinatzaileek.
EAJ, EA, Aralar eta EB
Bestalde, EAJk, EAk, Aralarrek eta EBk legez besteko proposamena aurkeztu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. Bertan, Iparragirre «berehala» askatzeko eskatu zioten Espetxeetako Zaintza Zuzendaritzari.
Baldintzapean aske utzi dute Iparragirre, bi auzietatik batean
Beste auziari buruzko erantzuna ez dute eman ez epaileek ez espetxe arduradunek, eta, beraz, preso jarraitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu