Euskal presoak

Baldintzapeko askatzeei Frantziak jarritako trabak salatu dituzte

Gaur egun, zortzi euskal presok eskatua dute baldintzapean aske uztea Frantzian. Horietatik hiruk bizi osorako kartzela zigorra dute, eta 25 urte daramatzate preso. Apirilaren 4an Senperen mobilizatzera deitu du Bagoaz kolektiboak.

Bagoaz-en gaurko agerraldia. FRANCK DOLOSOR
maddi ane txoperena iribarren
2015eko martxoaren 11
08:30
Entzun

Epaileak ez badu askatzeko agindua ematen, ez dira inoiz aterako”. Hala adierazi du Maritxu Paulus Basurko abokatuak Frantziako espetxeetan dauden hiru presoren egoeraz ohartarazteko. Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Xistor-en kasuak dira aipaturikoak: apirilean beteko dira 25 urte atxilotu zituztela, eta bizi osorako kondena dute. Baldintzapean aske uzteko eskaerak eginak dituzte, eta, Paulus Basurkok oroitu duenez, kartzelatik ateratzeko duten “aukera bakarra” da hori.

Bizi osorako kartzela zigorra zinezko arrisku bat dela azaldu du abokatuak: “Ez da teoria, errealitatea baizik”. Hain zuzen, Frantzian badira presoak hil arte atxiki dituztenak espetxean, eta hiru horiekin ere gerta daiteke. Baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubidea badute, ordea, eta horretan ere traba ugari jaso dituztela salatu du abokatuak. Haranburu eta Esnalen kasuan, erraterako, epaileak Frantziako bederatzi departamendutan bizitzeko debekua ezartzen duen ordenantza bat galdegina du, eta tartean, Pirinio Atlantikoetan bizitzekoa ere. Debeku hori ez litzateke bateragarria bi presoentzat prestaturiko gizarteratze proiektuekin: “Lana atzeman diete jada, eta Donibane Lohizunen eta Senperen bizitzeko aukera”.

Hori gutxi balitz, Paulus Basurkok gogoratu du adinean gora doazela hiru presoak: 60 urte inguru dituzte, eta espetxealdia luzatzeak are gehiago zailduko lieke gizarteratzea: “Badirudi itxoin nahi dutela osasun egoera txarrean izan eta bizi berri bat eraikitzeko aukerarik gabe gelditzen diren arte”. “Oztopo” horien aitzinean mobilizatzera deitu du Bagoaz-ek.

Apirilean, protesta

Jada zortzi euskal presok eskatu dute Parisko Aplikazio Auzitegian baldintzapean aske uzteko. 43k lukete horretarako aukera, ordea, baldintzak betetzen dituztenez. Eskatua dutenen artean, bizi osorako kartzela zigorra dutenez gain, bertze hiruk izan zuten epaitegien erabakiaren berri urte hasieran: aldeko erabaki bat —baina helegitea ezarri diote, martxoaren 17an aztertuko dutena— eta bi aurkako delibero. Bertze bi eskaera ere bideratuak dituzte.

Baldintzapeko askatasunen alde eta bereziki Haranburu, Esnal eta Parot anaien egoerak salatzeko —Unai Parot Espainian dago preso— apirilaren 4an Senperen (Lapurdi) mobilizatzera deitu dute. Egun horretan beteko dira, hain zuzen, 25 urte lau presoak atxilotu zituztela. Larrekoa kultur zentroan eginen dute ekitaldia, eta, bertzeak bertze, hitz hartzeak, bideoak, testigantzak, argazkiak eta sorkuntza artistikoak eginen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.