Eloy Velasco epaileak baldintzarik gabe espetxeratu ditu joan den asteartean Ertzaintzak atxilotutako Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Jabier Zubizarreta, Xeber Uribe eta Jon Iñaki Esnaola. ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatuta bidali ditu espetxera. Epaileak ETAko kide izatea eta lehergailuak gordetzea leporatu die Asier Badiolari eta Ibon Iparragirreri, eta ETAri laguntza ematea, berriz, Jabier Zubizarretari, Xeber Uriberi eta Jon Iñaki Esnaolari. 2008an Ondarroako polizia etxearen aurkako atentatuan parte hartu edo atentatua prestatzen laguntzea egotzi diete, eta eraso egitea Azpeitiko telebista uhin hedagailu bati, AHTko lanei eta Elgoibarko PSOEren herriko etxeari. Gainera, Andoni Zubizarretaren aurka bigarren auzi bat ireki du epaileak, droga trafikoa egotziz.
Ertzaintzak asteartean atzeman zituenetik, inkomunikatuta egon dira bost lagunak. Eta atzo konfiantzako abokaturik gabe eta inkomunikatuta igaro ziren epailearen aurretik. Izan ere,atxilotuei deklarazioa hartzen hasi behar zutenean, konfiantzako abokatua epaitegitik kanporatu zuen epaileak, «han ez zuela ezer egiten» esanez, abokatuak BERRIAri azaldu dionez. Honenbestez, atxilotuei ofizioko abokatu batekin hartu zien deklarazioa Eloy Velasco epaileak.
Bost lagunen deklarazio hartzeak iraun bitartean, konfiantzako abokatuak Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean zain egon behar izan zuen. Atxilotuen senide eta lagunak ere auzitegiaren atarian izan ziren egun osoz, eta ez zuten euren hurkoen inguruko informaziorik jaso. Abokatuari ez zitzaion epailearen espetxeratze autoa jakinarazi, eta atxilotuak ikustea ere ukatu egin zioten. Hortaz, gaur arte ezin izango du haiekin egon.
Iragan astean atxilotuen abokatuak epaileari eskatu zion torturak saihesteko neurriak hartzeko, baina hark uko egin zion protokolo hori ezartzeari. Hala, inkomunikazio aldian jasotako tratuarekin kezkatuta agertu da Amnistiaren Aldeko Mugimendua, eta Auzitegi Nazionaleko epailearen jarrera gogor salatu du. Atxilotuen defentsa eskubidea ukatzea eta inkomunikazio egoera «muturreraino» eramatea leporatu dio, eta atxilotuen tortura arriskuaz ohartarazi du. «Inkomunikazioak azken unera arte luzatzeak atxilotuek egun hauetan jasandako tratuaz txarrena pentsatzera garamatza».
Bestalde, Ertzaintzak egindako polizia operazio horren harira, herenegun atxilotutako Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta, berriz, inkomunikatuta daude oraindik Ertzaintzaren esku. Datorren astean dira pasatzekoak epailearen aurretik.
Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak atzo jakinarazi zuen asteartean hasitako polizia operazioa dagoenekoitxita dagoela,baina auzibide berria irekiko duela droga trafikoengatik. Izan ere, Herrizaingo Sailaren arabera,drogak eta drogen trafikorako erabiltzen diren tresnak atzeman zaizkie atxilotutakoei.
«Lehentasun nazionala»
Ertzaintzak egindako polizia operazioaren harira mintzatu daJose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua, PSOEren batzorde federalean. ETAren aurkako borroka «lehentasun nazionala» dela, etaahalegin horretan ez dela «murrizketarik» egongo ohartarazi du.Azken atxiloketen «arrakastagatik» Ertzaintza zoriondu du ,eta adierazidu ETAren aurkako borrokan «irmo» eutsiko diola gobernuak.
Baldintzarik gabe kartzelatu dituzte asteartean atxilotutako bost lagunak
Inkomunikatuta eta konfiantzako abokaturik gabe deklaratu dute Velasco epailearen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu