euskal presoak

Baldintzarik gabeko espetxe zigorra ezarri dio epaileak Arrospideri

Atzo goizean igaro zen euskal preso ohia epailearen aurretik, baina uko egin zion deklaratzeari. Lasarte-Orian atxilotu zuten, herenegun, kaputxa jantzita zeukaten poliziek. Arrospideren atxiloketa "PPko gobernuaren presioen ondotik" etorri dela salatu du Jaurlaritzak.

Ainhoa Oiartzabal - Arantxa Elizegi
2015eko urtarrilaren 21a
07:48
Entzun

Fiskaltzaren eskaera onartu, eta Santi Arrospide kartzelatzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuk, 1986 eta 1987an ETAk Madrilen eta Bartzelonan egindako atentatuetan parte hartu izana egotzita.

Epailearen arabera, euskal presoak ihes egiteko "berehalako arriskua" legoke, atentatu horiekin lotutako epaiketak laster egingo direlako eta Arrospiderentzat kartzela zigor handia eskatzen dutelako. "Ez dugu ahaztu behar ETAk badituela baliabide nahikoak bere kideei ihes egiten eta ezkutatzen laguntzeko, aurretik ikusi ahal izan den moduan".

Arrospide atzo zen epailearen aurrean deklaratzekoa, baina uko egin dio hitz egiteari. Aurretik 27 urteko espetxe zigorra betea du, horietatik hamahiru Frantzian. Hain zuzen ere, zigor hori kontuan hartuta utzi zuten aske Arrospide joan den urteko abenduan.

"Presioak"

Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuak auzi honetan izandako jarrera: "Mariano Rajoyren kabinetea hartuko diren epaien iragarle bilakatu da". Erkorekak salatu du Alderdi Popularrak egindako presioen ondorioz eman zutela epaileek Arrospide atxilotzeko agindua.

Euskal preso lasartearraren kasuan ez ezik, Erkorekak gogoratu du beste hainbat auzitan ere epaileek Madrildik iragarritako bidea hartu izan dutela, besteak beste, presoek Europako beste herrialdeetan betetako zigorrak kontuan hartzeari buruzko auzian. "Norbaitek galde diezaioke bere buruari nola asmatzen dituen PPren gobernuak bere iragarpen guztiak. Erantzuna erabakiak hartzen dituzten epaileek dute. Goreneko epaile batek baino gehiagok salatu dute gobernuaren esku hartzea azken hilabeteotan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.