Ibarretxe planaren eztabaidaren ondorenak

Baldintzarik gabeko prozesu bat abian jartzeko deia egin die Otegik euskal eragile politiko, sozial eta sindikalei

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak gaur Euskadi irratian eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, euskal eragile politiko, sozial eta sindikalen artean baldintzarik gabeko prozesu bat ireki behar da gatazka gainditzeko. "Herri galdeketa oso garrantzitsua da, galdeketa horrek eraginkorra izan behar baitu gatazka gainditzeko", azpimarratu du. Herri galdeketa indarkeriarik gabeko memento batean egin behar dela dio, eta ETA ez dela arazoa izango nabarmendu, "bi estatuak baizik".

2003ko irailaren 29a
13:38
Entzun
Iragan ostiralean Eusko Legebiltzarrean izandako aurkezpena izan du hizpide gaur Arnaldo Otegik Euskadi irratian. "Estatutuaren heriotza akta jasotzera" joan zirela esan du Otegik, eta "sintesiaren aldeko apostu eta proposamena" egin zuela Sozialista Abertzaleak taldeak. Lehendakariak SA taldeari emandakoa "erantzun erasokorrarekin harrituta" gelditu zela esan du Otegik. Zazpi herrialdeak, autodeterminazioa, herri galdeketa eta eskubide zibil eta politikoen hitzarmena dira, Batasuneko kidearen ustez, prozesua abian jartzeko puntu amankomunak, eta hori gauzatu ahal izateko, mahai batean esertzeko proposamena egin du.

Gatazka gainditzeko herri galdeketa ezinbestekotzat jotzen du Otegik. "Galdeketa zeini, noiz eta nola egin eztabaidatu behar dugu, hor nekatu behar dugu burua. Batzuetan ematen du nagikeri intelektuak bat daukagula, batzuetan posible dela eta besteetan ez", nabarmendu du SAko parlamentarioak. Ezker abertzalea elkarrizketa eskatzen ari dela esan du Otegik, eta herri galdeketa egiten denean "ETA ez dela arazoa izango" azpimarratu du, "bi estatuak baizik".

EB-IUren jarrera eta balizko polizi operazioak

Ibarretxe planaren lege proiektua urriaren 25ean aurkeztuko da, baina hirukoak gehiengo osorik ez duela gogoratu du. Hirukoak 36 eserleku ditu, baina 38 behar ditu lege proiektua aurrera ateratzeko, eta Ibarretxek Ezker Batuaren botoak zalantzan dituela esan du Batasuneko eledunak, "Ezker Batua Espainia mailako alderdi bat delako".

Xabier Alegriari informazioa "torturapean" atera ziotela gogoratu du Otegik, eta Espainiako komunikabideak horrelakoak esaten hasten direnean, polizi operazioak iragartzen dituztela esan du. Otegiren esanetan, "estatua oso urduri dago, estatuak badaki galdu egin duela eta estatuaren obsesioa ezker abertzalearekin bukatzea da, badakitelako prozesu honetan ezker abertzalea ezinbestekoa dela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.