Gizartea

Balea bat agertu da Zarautzen

Agertu denean bizirik zegoen, baina eri zegoen eta hil egin da azkenean. Ikusmin handia sortu du, eta jende asko hurbidu da. Kaxalotea hondarretatik atera eta ikertu egingo dute.

2011ko abuztuaren 26a
18:42
Entzun

Ezusteko handia hartu dute gaur goizean Zarautzen (Gipuzkoa) hondartza ingurura hurbildu diren lehen bizilagunek:  balea bat aurkitu dute hondartzan. Goizeko zazpietan, aurreneko herritarrek ikusi dutenean, bizirik zegoen artean. Mugitu ere egiten zen, lekukoek azaldu dutenez. Zenbait ura botaz bizirik mantentzen saiatu dira.

12-15 metro eta 20 tona inguruko kaxalotea da hondartzan agertu dena.

Animaliak ikusmin handia sortu du, eta asko izan dira goiz izan arren eta eguraldi kaskarra eginagatik hondartzara bildu direnak. Balea ukitzea zen gehienen irrika.

Zarauzko Udalak azaldu duenez, herritarrek 07:30ean abisua eman diete udaltzainei, eta haiek, udaleko ingurumen sailarekin batera, martxan jarri dute halako kasuetarako prestatutako protokoloa. Ertzaintzari eta Ambar Itsas Faunaren Ikerketarako eta Kontserbaziorako taldeko kideei deitu diete, eta berehala bertaratu dira. Ertzaintzak bildutako guztiak urrunarazi ditu, eta eremua hesitu du; Ambarreko kideek eta udal brigadako arduradunek animaliaren egoera aztertu dute. 09:30 aldera, hilda zegoela jakinarazi dute.

Gero, kaxalotea hondarretatik ateratzeko lanak jarri dira martxan. Itsasertzera heldu denerako balea eri zegoenez, datozen orduetan dagoen lekutik atera eta ikertu egingo dute. Ambarreko kideak harremanetan jarri dira Donostiako Aquariumeko arduradunekin, kaxalotea helburu didaktikoetarako baliatu nahiko balute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.