Etorkinekin lanean diharduten elkarteek kritika egin diete etorkinek osasun arreta publikoagatik ordaintzeko asmoei. BERRIAk galdetutakoek bat egin dute hitz batean: «kontraesankorra» da baliabide eskasia dutenei osasun zerbitzu publikoaren truke kobratzea.
MIKEL MAZKIARAN SOS Arrazakeriako bozeramailea
«Neurri honek erakusten du gobernuari ez zaiola axola diru hori nondik datorren»
Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako eledunak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak apiriletik—osasun arloko murrizketak aurkeztu zituenetik— hona erabilitako argudioak. «Osasun turismoa galarazi nahi zutela esan zuten aurrena. Gero, ikusi genuen immigrazio irregularra osasun sistematik kanpo uzten zutela, eta, orain, osasun eskubide hori ordainarazi egin nahi diete». Mazkiaranek kezka azaldu du herritarren berdintasun printzipioa aldatzearen inguruan, eta horrek beste gizarte zerbitzu batzuetan izan ditzakeen ondorioen gainean.
Orobat, Mazkiaranek iritzi dio «kontraesan bat» dela egoera irregularrean dauden etorkinei 710 euro ordainaraztea. «Ezin dute lanik egin, gobernuak ez die baimenik ematen, baina 710 euro eskatzen die osasun arreta ordaintzeko. Horrek esan nahi du Espainiako Gobernuari ez zaiola axola diru hori nondik datorren», azaldu du. Gainera, ohartarazi du etorkin papergabeek ahultasun berezi bat dutela.
Gobernuaren planteamendua honako hau da, Mazkiaranen ustez: «Ez dugu osasun zerbitzu publikorako oztoporik jartzen, baina prezio baten truke». Jokabide hori okerra dela gaineratu du, eta paperik gabeko etorkinekin bereziki ez duela zentzurik. «Ez dira turistak».
Kezka handia da etorkinen artean, SOS Arrazakeriak nabaritu ahal izan duenez. Mazkiaran: «Gaur egun ez dakigu zer gertatuko den irailetik aurrera irregularrekin, eta iraila hortxe dago». Egoera horrek «ziurgabetasuna» sortzen du etorkinengan, inork ez baitaki zer gertatuko den, adibidez, tratamendu bat jarraitzen ari diren gaixoekin.
ASIER ARPIDE Harresiak Apurtuz elkarteko presidentea
«Gizarte osoarentzat izan beharreko zerbitzu bat ordainpekoa egin nahi dute»
Asier Arpide Harresiak Apurtuz elkarteko presidentearen arabera, Espainiako Gobernuak eskubide «mugatu» modura planteatzen segitzen du osasuna, eskubide unibertsal gisa hartu beharrean. «Gizarte osoarentzat izan beharreko zerbitzu bat ordainpekoa egin nahi dute. Halako neurriek kolektibo ahulenei egiten diete kalte, eta horiek dira, hain zuzen, osasun zerbitzuak gutxien erabiltzen dituztenak».
Arpidek ere paradoxa bat atzeman du etorkin horiei dirua eskatu nahi horretan: «Egoera irregularrean dauden etorkinek ezin dute euren egoeraz erabaki, gutxienez hiru urte igaro arte ezin dute legez lan egin, eta horrek gutxitu egiten die baliabide ekonomikoak izateko aukera». Osasun sistema apurtzea eta bere burua zuritzea leporatu dio Madrili, uste baitu diru hori kobratuta de facto osasun arretarako sarbidea ukatzen diela etorkinei. Dena den, baikortasun elementu bat nabarmendu du Arpidek. Hain justu, sendagileen elkarte ugarik murrizketa horien kontra erakutsitako jarrera defendatu dute. Sendagile horien arabera, deontologikoki ezin diote gaixoak artatzeari utzi.
MONICA MINGUEZ Medicus Mundiko prentsa arduraduna
«Nola ordainduko dute diru hori, dauden egoera ekonomikoan egonda?»
Medicus Mundi erakundeko Komunikazio arduradun Monica Minguezek, berriz, astakeriatzat jo du neurria: «Pertsona guztientzako osasun arretan sinesten dugu». Minguezek uste du osasun zerbitzuaren «pribatizazioa» hasi duela exekutiboak, «ahulenetatik» hasita: «Nola ordainduko dute diru hori, dauden egoera ekonomikoan egonda?».
«Baliabide gutxi» dutenei osasun arreta oztopatzea kritikatu dute
Osasun arretagatik ordainaraztea osasun sistema unibertsalari eraso egitea dela salatu dute elkarte ugarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu