Kantonamenduetako hauteskundeak

Baliteke abstentzioa handia izatea Frantzian

Krisialdiaren aitzakian kanpaina publikorik egin ez izana eskuinaren mesedetan izanen dela dio ezkerrak

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Lehen itzulia izanen bada ere,bihar Frantzian egingo diren kantonamenduetako hauteskundeetan abstentzio handia izanen dela iragarri dute ezkerreko alderdietako militanteek. 21 milioi hauteslek ukanen dute bozkatzeko eskubidea, 2.026 aulki banatzeko. Ez da ohikoa izaten hauteskunde horiek bakarrik egitea; bertze hauteskunde mota bati uztartu gabe, alegia. Eta, berezitasunak berezitasun, Frantziak 2014an egin nahi duen lurralde erreformaren ondorioz, hauteskunde hauetatik jalgi behar duten hautetsien agintaldia ez da sei urtekoa izanen, hirukoa baizik. Gainera, krisialdi ekonomikoa dela eta, Frantziako gobernuak ez du komunikazio kanpaina sendorik egin eta harrabots handirik gabe pasatu da hauteskunde kanpaina.

Horrek guztiak abstentzioa areagotu dezake, eta %50eko heina gainditu. Eskuinaren mesedetan izan daitekeela uste du ezkerrak. Departamendu gehienak ezkerraren esku daude 2008az geroztik. Orduan bederatzi departamendu gehiago lortu zituen PSk, horietako zazpi eskuinari kenduta. Pirinio Atlantikoak bezala, bertze hainbat departamendu ezkerrera egiteko zorian gelditu ziren. Biharko hauteskundeen gose ziren ezkerreko alderdiak, eskuinaren porrota areagotzeko. Departamendu eta eskualde gehienetako boterea eskuan, Frantziako presidentziarako hauteskundeak irabazteko esku makila sendoa lortzea espero zuten. Baina hauteskunde kanpainako giroa hitsa izan da, erabat. Ezkerreko alderdiek ez dute lortu herritarren gutizia piztea. Japoniako lurrikararen ondoren gertatu larrialdi nuklearrak ere ez du lortu Europe Ecologie alderdia lehian sartzea azken unean.

Betiko mamuak

Hedabide batzuek azken asteotan egindako inkestek 2012ra begira jarri dute iritzi publikoa. Izan ere, Marine Le Pen eskuin muturreko FN alderdiko hautagaia presidentziarako hauteskundeetako garaile ematen dute inkestek, lehen itzulian. Le Penek bozen %20-%25 lortuko ditu, inkesten arabera. Iragarpen horiek Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen aitzinean jarri dute Le Pen, eta bigarren itzulirako eskuin muturraren eta eskuinaren arteko lehia iragarri. Horrek 2002ko lurrikara politikoa ekarri die gogora herritarrei. Orduan RPRko Jacques Chirac (eskuina) eta FNko Jean Marie Le Pen, Marine Le Penen aita, izan ziren bigarren itzuliko hautagaiak.

Le Penen alderdiak ez du kontseilari nagusirik. 1.400 kantonamendutan aurkeztuko ditu hautagaiak, eta datorren igandean egingo den bigarren itzulian 200 kantonamendutan presente egon daitezkeela diote inkestek.

2002an egin bezala, «irizpide errepublikanoak» hobestera deitu du Sarkozyk. Alegia, eskuin muturreko hautagaiak presente egon daitezkeen kantonamendu guztietan «hautagai errepublikarren» alde bozkatzera deitu du, izan dadin UMPkoa edo PSkoa. Egoera horrek ikusgarritasun handiagoa ekarri dio UMP alderdiari, eta emaitzak hobetzen lagun diezaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.