Balizko mozio baten aurrean Alduntzin babestu du Gipuzkoako Diputazioak

Gipuzkoako, Mallabiko eta Ermuko hondakinak Igorreko zabortegira eramateari utzi dio Bizkaiko Diputazioak

Martin Garitanok adierazpen bat irakurri zuen aldundiaren izenean, foru diputatu guztiak atzean zituela. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
«Aurkeztutako estrategia ez da diputatu baten burutazioa, gobernu honen mandatuz egindako lana baizik. Hondakinen estrategia gustuko ez dutenek jakin bezate gobernuak ez duela bere jarduna aldatzeko asmorik». Horrela defendatu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren lana, eta, haren aurkako balizko zentsura mozio baten aurrean, babesa azaldu dio: «Gobernu hau osatzen dugun andre-gizonak talde bat gara, ontzi berean gaude, leku berera goaz arraunean».

Joan den astean, hondakinen kudeaketa planaren garapena aurkeztu zuen diputazioak Batzar Nagusietan; ordutik hedabide ugarik plazaratu dutenez, litekeena da oposizioak eskatzea Alduntzin kargutik kentzeko. Baliteke gaur gertatzea hori, plan berriaz Batzar Nagusietan egingo duten eztabaidan. Alduntzin egoztearen alde azaldu dira PP eta PSE; EAJk, berriz, ez du argitu eskaera hori babestuko ote duen. Aukera horren aurrean, babesa azaldu zioten atzo Garitanok eta foru diputatu guztiek Alduntzini, Donostian eginiko agerraldi batean.

Horren harira, EAJko Donostiako zinegotzi Eneko Goiak udalari esan dio ez duela onartuko hirian zabortegiak egitea, «zaborra paketeetan badakarte ere». Arrasaten, berriz, atez ateko sistema ezartzea onartu du udalak. PSEk salatu du atez atekoaren aurkako herritar ugari udalbatzarretik bota dituztela.

Bestalde, Gipuzkoako, Ermuko eta Mallabiko hondakinak jasotzeari utzi dio Bizkaiko Diputazioak, Juan Mari Aburto eledunak iragarri duenez. Gauerdian eten da Gipuzkoako eta Bizkaiko herri horietako hondakinak Igorreko zabortegira eramateko ituna, bi aldundiek ez baitute lortu hitzarmen hori berritzeko akordiorik.

Mahai ingurua Ormaiztegin

Hondakinei buruzko mahai ingurua prestatu dute gaurko Ormaiztegin (Gipuzkoa) Goierriko Hitza-k eta GoiBerri-k, 19:00etan. Goierri.hitza.info-n zuzenean ikusi ahalko da. Aser Lertxundi (Aralar), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Mikel Serrano (PSE) eta Alduntzin bera (Bildu) izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.