40 urteko emakume bat zauri larriekin ospitaleratu zuten herenegun Iruñeko Ospitale Gunean, Tuteran (Nafarroa) hirugarren solairu batetik erori ondoren. Espainiako Polizia genero indarkeria kasua den ari da aztertzen, baina, badaezpadako neurri gisa, emakumearen bikotekidea atxilotu zuen atzo, gertaera baino pixka bat lehenago eztabaida gogorra izan baitzuten biek. Gizonezkoak onartu egin du liskarra izan zutela, baina ukatu egin du eraso edo bultza egin ziola.
Gertaera arratsaldeko seiakaldera izan zen, Tuterako Capuchinos kalean, herriaren erdigunean. Hain zuzen ere, Espainiako Poliziaren patruila bat kaletik igarotzen ari zela erori zen emakumea balkoitik, hogei bat metroko altueratik. Ikerketaren arabera, erorketan kalea zeharkatzen duen kable bat hautsi zuen.
Anbulantzia batek Tutera bertako Reina Sofia ospitalera eraman zuen andrea, baina han, zaurien larritasunari erreparatuta —besteak beste, buruan kolpe handia zuen—, Iruñera eramatea erabaki zuten.
Eztabaida gogorra
Poliziak ez du argitu erorketa zerk eragin zion, eta ikerketaren lerro guztiak irekita ditu. Nolanahi ere, gertaera jazo zenean etxebizitzan zeuden beste bi gizonezkok baieztatu egin zuten eztabaida gogorra izan zela emakumearen eta gizonaren artean. Hala eta guztiz ere, bi pertsona horiek ez zuten ezer ikusi, bakoitza bere logelan zegoelako. Beste bizilagun batzuek ere etxebizitzan liskarrak entzun zituztela adierazi zuten.
Gertaeran inplikatutako emakumeak eta gizonezkoak hamabost egun zeramatzaten bizitzen etxebizitza horretan, eta beste hainbat pertsonarekin partekatzen dute alokairua.
Poliziek itxi egin zuten kalea bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat, eta zoruan nahiz etxebizitzan bertan frogak jaso zituzten. Emakumea erori eta ordubete ingurura, berriro zabaldu zuten kalea.
Joan den igandean hasita, herriko festak ari dira ospatzen Tuteran.
Balkoitik erorita larri zauritu da andre bat, eta bikotekidea atxilotu dute
Gizonak onartu egin du eztabaida gogorra izan zutela, baina ukatu egin du emakumeari eraso egin ziola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu