Herrizaingoa

Balza: "ETAk atentatuak egiteko borondate osoa du, nahiz eta bere ahalmena jaitsi"

Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren arabera, ETAk atentatuak egiteko borondate osoa du, nahiz eta bere ahalmena jaitsi. Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, ETAk "oso zehaztuak ditu bere biktimak, PP eta PSE-EEko zinegotziak, ertzainak edota EAJko kide ezagunak, eta horren aurrean prest egon behar dugu". Ezker abertzaleak "ur arreak nahastu nahi" dituela esan du, atzo egindako proposamenaz galdetuta, "baina errealitateak erakusten du ETAk betiko asmoarekin jarraitzen duela eta egoera ez da batere aldatu".

2003ko abenduaren 17a
13:16
Entzun
Balzak esan duenez "kontraesan" bat bada ETAren aurkako borrokan. EAJk hitz eginez amaitu nahi du indarkeriarekin, Balzaren esanetan, eta berak ETArekin amaitzeko bide poliziala defendatzen duela azpimarratzen du. "Gatazka politikoa eta terroristen indarkeria dago, eta EAJk eta Eusko Jaurlaritzak biak bereizten ditu", nabarmendu du Herrizaingo sailburuak.

"Terroristekin ez da hitz egiten, atxilotu baizik, baina horrek ez du kentzen gatazka politikoa gainditzeko alderdien arteko elkarrizketa egon behar ez denik normalizazio eta elkarbizitza politikoa lortzeko", azpimarratu du Balzak.

Atutxa eta Ibarretxeren balizko atxiloketa

Balzari Juan Maria Atutxaren eta Juan Jose Ibarretxeren balizko atxiloketaz galdetu diote, Ertzaintzak agindu hori jasoko balu zer egin beharko lukeen. "Kasu horretan Ertzaintzak marko juridikoa bete beharko luke" erantzun du, baina "erantzun juridiko, sozial eta politikoak egongo" liratekeela zehaztu du. Gisa horretako atxiloketak "posible" direla azpimarratu du, baina "anekdoten inguruan ez dela hausnarketarik egin behar" esan, "baizik eta nora eramaten gaituen ekimen politikoak kriminalizatzen dituen eskuineko alderdi kontserbadore batek". Azalpenak eman behar dituena PP dela zehaztu du.

Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren arteko elkarlanaz ere galdetu diote Balzari. "Pertsonen segurtasunari buruzko informazioaren aldetik zehatza eta emankorra da, baina praktikara eramateko garaian daude gabeziak", azpimarratu du Herrizaingo sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.