Ban Ki-moonek esan du NBEko behatzaileek "denbora" behar dutela

jon olano
2013ko abuztuaren 28a
14:04
Entzun

"XXI. mendean ikusi dugun ezeren antzarik" ez du Sirian iragan astean izandako erasoak, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonen arabera. Horregatik, adierazi du behatzaileek "denbora" behar dutela euren lana egiteko.

"Beharrezkoa da gertakariak argitzea. Ikertzaile talde bat bertan da. Erasoa izan eta egun gutxira, froga garrantzitsuak jaso dituzte, eta lekukoak eta biktimak elkarrizketatzen ari dira. Taldeak denbora behar du bere lana egiteko", esan du Banek.

"Bakeari eta diplomaziari aukera bat" emateko eskatu du Banek Hagan: "Logika militarrak suntsipenaren atarian dagoen herrialde bat eragin du, eta, beraz, negoziaziorako bide guztiak aztertu behar ditugu".

Iragan astean Damasko kanpoaldean izandako eraso kimikoa aztertzeko asmoz, gaur joango dira berriro ere Nazio Batuen Erakundeko behatzaileak erasoa izan zen guneetako batera.

Astelehenean ikuskatu zuten aurreneko aldiz erasoaren guneetako bat: Muadamiya. Konboiko ibilgailu bat tirokatu zieten, ordea. Ez zen inor zauritu. Atzo ziren bigarren bisita egitekoak, baina atzeratu egin zuten. Maleiha herrira heldu dira gaur, eta matxinoek babestuta joan dira haraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.